Teknologia albisteak

Mugikortasunaren beste azterketa bat, Espainiakoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-04-20 : 08:12

Duela egun batzuk, telefonoen mugikortasunaren inguruko Googlek eta Applek egindako datu bilketak erakutsi genizkizuen. Orain, Espainiako Gobernuak egin du bere datu-bilketa eta argitarapen propioa. Mugikorren desplazamendu kilometrikoak neurtu dituztela dirudi, Espainiako telefono konpainia nagusien kolaborazioarekin.

Espainiako Garraio Ministerioak txosten honetan (PDF) azaltzen du nola egin duten neurketa. Telefono seinaleen datu anonimizituak metatu dituzte. Zein konpainiarekin ez da esaten. Denenak ote? Iaz, INE estatistika institutuak zortzi eguneko azterketa bat egin zuen Orange, Movistar eta Vodafone konpainien datuak bilduz.

Datuak webgune honetan argitaratu dira, eta puntu batean zentratzen dira: zenbat mugitu diren mugikorrak errepide edo kaleen sarean. Hau da, mugikor bat ohikoan zenbat mugitzen zen, hainbat kilometroko X desplazamendu orduko... hori ohiko egoeran zenbat espero zen, eta orain nola ari diren hiritarrak mugitzen.

Autonomia-erkidego, probintzia eta hiri jakin batzuen datuak daude. Hirien kasuan, Bilbo eta Iruñea bakarrik Euskal Herrian. Ikus ditzagun Gipuzkoako eta Iruñeko datuak, martxoaren 7tik bildutako azken egunera arte (apirilak 14).

Gipuzkoa:

Iruñea:

Bi kasuetan, beheko grafikoak (punta zorrotzak dituenak), antzeko egoera adierazten du, guk ulertzen dugunagatik. Oro har, 0.5 milioi kilometro desplazamendu orduko gertatzen dira Iruñean zein Gipuzkoan. Eta jaitsi egin dira nabarmen.

Goiko grafikoa, aldiz, desberdina da. Probintziaren kasuan, kilometro luzeraren araberako desplazamendu metatuak neurtu dira, eta hiriaren kasuan, sarrera eta irteerak. Denak jaitsi dira, baina sarrera-irteeren kasuan, kopuru bertsuak dira: logikoa dirudi, Iruñera hainbat kotxe sartzen bazen lehen, eta orain jaitsi badira heren batera, irten ere portzentaia berean jaitsi dira irteerak.

Gipuzkoako datuetan, berriz, desplazamendu luzeenetan gertatu da mugikortasun geldialdi handiena. 5 kilometrora arteko desplazamenduak gutxi jaitsi dira, 50 kilometrotatik gorakoak gehien.

Aztertu zuk zauk datuak Ministerioaren webgunean.

Erantzun

Sartu