Teknologia albisteak

Aintzat taldeak osasun arreta euskaraz emateko eskatu du, Covid-19 pandemian ere

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-04-08 : 12:28

Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko Mugimenduak agiri bat kaleratu du, pandemia garaian euskarazko arreta eskaintzeak garrantzia duela aldarrikatzeko. "Batzuek esango lukete hizkuntza ez dela inolaz ere lehentasuna larrialdiko egoera batean, baina errealitatea guztiz bestelakoa da."

Aintzat taldearen iritziz, "inoiz baino gehiago, guztiz beharrezkoa da pazienteek euren hizkuntzan arreta jasotzea. Estutasun egoera handiagoa izanda, paziente askok euren ama hizkuntzara jotzen dute, eta euskarazko zerbitzuen eskaintza aktiboak kalitatezko osasun arreta erraz dezake: pazienteen ebaluazioa, diagnostiko zehatza garaiz egitea, hala nola pazienteak jasotzen ari diren tratamenduak eta zaintzak hobeto ulertzea."

Aintzat taldearen ustez, euskararen alde egitea jendearen ekitatearen eta justiziaren alde egitea da, giza eskubideen alde.

"Osasun erakunde publikoek, Osakidetzak eta Osasunbideak, zein osasungintzako langile eta zerbitzu orok, euskarazko osasun zerbitzuak bermatu behar dituzte. Izan ere, osasun arloa da berdintasuna, ekitatea eta justizia ahalbidetzeko gunerik garrantzitsuena, batik bat gaixoak inoiz baino babesgabe eta laguntza behar handienean dauden ataka honetan."

Horregatik, zera eskatzen diete EAEko eta Nafarroako osasungintza publikoko erakundeei: "osasun zerbitzuak euskaraz ematearen premia publikoki onar dezatela, eta, aldi berean, osasun langileoi gogoraraztea maila goreneko arreta pazientearen hizkuntzan ematen dena dela".

Agiri osoa, Twitterreko beren kontuan argitaratu du Aintzat taldeak.

Aintzatekoak atxekimendu bila ari dira, eta aintzathart (a bildua) gmail.com helbidera idatziz eman dezakezu zeurea.

Erantzun

Sartu