Teknologia albisteak

Solarpunka DIN A4an: Etorkizunerako ideia lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-04-07 : 09:11

Etzi.pm webguneak (Etzi Portu Maritimoak) etorkizuna pentsatu, berrasmatu edo iradokitzeko lehiaketa bat antolatu du. Etorkizuna eta itxaropena lotzen dituen Solarpunk ideia-mugimenduaren haritik, "Solarpunka DIN A4an" deitu diote ideia lehiaketa honi.

Duela aste batzuk aurkeztu genuen Sustatun zer zen Solarpunk mugimendua. Hona bere manifestu euskaratua. Neurri handi batean aldaketa klimatikoak dakarren mehatxuaren kontrako filosofia eraginkor, optimista eta eraldatzailea sustatzeko mugimendu bat da, baina nolabait bizi berria ematen dio, Etzikoen hitzetan, "COVID-19 deitu diogun krisialdi sistemikoak".

Lehiaketa honetan datza, paper zuri baten aurrean jar zaitez, eta ekin etorkizun hobe baterako okurritzen zaizunarekin. Etzikoek azalduta:

"Ideia hauek edozein formatakoak izan daitezke: errelato laburrak (edo luzeak, oso letra tamaina txikia erabiltzea zilegi baita), antzerkirako gidoiak, sukalde errezetak, bosturteko handien planifikazio kolektiboak, AtopiaRPG rol jokorako partida abiapuntuak – edo pertsonaia proposamenak, edo Fakzio berriak, edo Estrabagantzia eta superbotere zerrenda eroak, edo…-, bertso paperak, ilustrazioak, proiektu transmedia orijinaletara daramaten QR Kodeak folio osoan inprimatuta, komikiak, entseguak, programazio kodea, banku bat atrakatzeko plan elaboratuak…)."

Orri batean kabitu behar zaizu proposamena, dena dela. Horregatik DIN A4 delako aipamena lehiaketaren izenburuan. Hala ere, A4 orri horren tamaina parekidea  (210,25 mm x 297,25 mm) duen edozein formatu elektronikotan bidal dezakezu, hemendik bertatik (behean, karga egiteko formularioa).

Epemuga bitxia du lehiaketak (Nafarroako Foru Erkidegoan Etxeko Konfinamendua amaitzen den eguna), eta hiru sari egongo dira, hiruetan Atopia RPG rol jokoaren liburu bat eta lehenbizikoan gainera Lakari Koop etxeko saski bat (kontsumo jasangarria).

Informazio gehiago: Etzi.pm

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu