Teknologia albisteak

Instagram goraka, bereziki orain zuzenekoekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-04-05 : 18:58

Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak sare sozialek Euskal Herrian duten erabilpenaren inguruko datuak eta analisiak eman ditu Berria egunkariaren artikulu batean. Sareen artean, Instagram zenbat hazi den nabarmendu du Mimenza, azken asteetako konfinamenduak areagotu duen joera bat beharbada.

2019ko otsailaren 24an, euskarazko hedabideen Instagrameko jarraitzaileak 38.537 ziren; urtebete geroago, kopurua 62.828ra iritsi da —%63ko igoera—; eta aurten, otsailaren 24tik martxoaren 24ra, beste %5,87 hazi da jarraitzaileen kopurua: 66.518ra.

Instagramen azken orduko gorakadan, zuzenekoak emateko duen azpiegitura erraza egon liteke: nahiz eta jarraipenerako ez den hain argia, kontu bat eta aplikazioa eduki behar dituzulako halako bat jarraitzeko, web helbide bat irekitzearekin (hala nola zuzeneko bat Youtuben) ez dago jarraitzerik. Hala ere, agerkari batzuek horixe aukeratu dute zuzenekoetarako, hala nola Gaztezulok.

Berria Aretoa ekimen berriak, aldiz, Youtube darabil, baina gero bideoak Instagramen jartzen dituzte, eta bakoitzak mila eta 2 mila ikustaldi artean lortu ohi ditu.

Euskarazko hedabideen Instagrameko atsegite kopurua %63 hazi da azkeneko urtebetean. Mimenzaren datuen arabera, halaber, asko handitu da euskarazko hedabideek plataforma horretan argitaratutako eduki kopurua: azkeneko urtean, batez beste 373,4 argitalpen egin zituzten hilabeteko —12,4 eguneko—; eta azkeneko hilabetean 735 argitalpen jarri dituzte —24,5 eguneko—. Joan den hilabetean, gainera, 3.690 jarraitzaile gehiago iritsi dira. «Erritmo handiagoan ari da hazten Instagrameko komunitate metatua».

Beste azterketa baten arabera, Hego Euskal Herriko hiriburuetan, populazioaren %69 dago Facebook sare sozialean, %48 Instagramen, eta %7 besterik ez Twitterren. Iazko datuekin alderatuta, Twitterrek behera egin du apur bat: %0,5

Erantzun

Sartu