Teknologia albisteak

Islandiako Covid testek erakusten digutena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-03-30 : 18:59

Artikulu hau ilustratzeko irudian, oso datu argigarria dago: Holandan eta Islandian egindako Covid-19 testetan agertu diren kasu positiboen adin banaketa. Gorriz, Holanda; urdinez, Islandia. Honengatik dira koadroak hain desberdinak: Islandian test orokorrak egin dira. Holandan (Euskal Herrian egiten ari diren bezala) sintoma pilatuak dituztenei.

Ondorio garbi bat atera daiteke datuetatik: kutsatuen adin banaketa estatistikoki faltsua dugu hemen eta Holandan. Test eskasiarekin izan dezake erlazioa kontuak, zeren eta gutxi egonda eskura, logikoa izan daiteke testak adin nagusikoen artean egitea, eta bereziki sintoma kezkagarriak dituztenen artean, haien isolamendu eta trataerara lehenbailehen pasatzeko.

Baina test mugatuen logikak desitxuratu egiten du gaixotasunaren hedapenaren argazkia: Covid-19 gaixotasuna gehien pairatzen dutena adin nagusiko pertsonak dira, eta haiek dira arrisku handiena dutenak; baina birusak kutsatutakoen banaketa ez da horrelakoa inondik ere: Islandiako marra urdinek erakisten duten bezala, adin ertaineko gazte eta nagusiak dira positibo gehien ematen dutenak. Horietarik gehienak, noski, asintomatikoak dira.

Bigarren ondorioa, hemen eta orain Euskal Herrian kontuan hartzeko: asintomatikoak badira kutsatu gehienak, eta gainera adin ertaineko pertsonak badira (lanean edo kalean erosoen ibili daitezkeenak, kezkarik gabe ustez), kutsatze komunitario baterako bideek irekita jarraitzen dute. Erabili maskara, ingurukoak babesteko, ez bakarrik zu besteen hatsetik urruntzeko.

Islandia eta Holandako datuen konparaketa egin duena Alexandre Afonso Herbereetako unibertsitate bateko irakaslea da. Hari honetan azaltzen ditu bere iturriak.

 

Erantzun

Sartu