Teknologia albisteak

Eibarko ondarearen Lekuak/Historia webgunea ireki da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-03-30 : 12:32

Eibarko ondare historikoaren zati handi bat jasoko duen datu-basea eta webgunea argitaratu du Ego Ibarra batzordeak, Eibarko Udalaren adar kulturalak. Ondarea.egoibarra.eus da helbidea.

Webgune berri horren oinarriak bi dira:

  • Batetik, eraikin industrialen fitxak ditu, ikerketa-proiektu honetan zehar jasotako informazio guztia bildu dutenak: eraikinen deskribapenak, informazio historikoa, planoak, argazkiak (zaharrak eta berriak), artxiboko dokumentuak (osorik, eskanetatuta), fitxa teknikoa, kokapenaeta abar. Eibarko eraikin industrialen inguruko informazio sakon eta aberatsa lortu da.
  • Bestalde, webgunearen bigarren oinarria mapa historikoak dira. Garai ezberdinetako 4 mapa historiko eskaneatu dituzte, lau hamarkada ezberdinetakoak (1890, 1920, 1930 eta 1950), eta herritarrek mapa horietan barrena nabigatzeko aukera dute, garai bateko kale eta eraikinak non zeuden jakiteko, eta gaur egungo kokapena zein izango litzatekeen ezagutzeko. Denboran zehar bidaiatzeko aukera emango digu, orain dela 50, 80 edo 120 urteko Eibar nolakoa zen ezagutzeko.

Eraikin industrialen datu tekniko eta historiko guztiez gain, webguneak beste hainbat gauza erakusteko aukera emango digu, besteak beste, argazki-funtsetako irudiak edota Eibartarren Ahotan proiekturako jasotako elkarrizketen lekukotasunak bideo formatuan.

CodeSyntax enpresak, Sustatu editatzen duenak, egin du webgune hau Eibarko Udalarentzat.

Erantzun

Sartu