Teknologia albisteak

Bitartean, etxetik ikasten: Itxialdirako ETBren heziketa saioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-03-29 : 12:08

Bitartean, etxetik ikasten izeneko telebista saioa emango du euskaraz ETBk, urrutiko hezkuntzaren sostengu gisa koronabirusaren itxialdi garai honetan. EITBk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak prestatu dute programa, horren bidez eskolako edukiak eman ahal izateko. Saioa Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. maila arteko ikasleentzat izango da batik bat, eta ETB3n eta Eitb.eus-en emango dute datorren astelehenetik aurrera, hilaren 30etik, 09:00etatik 12:00etara.

Basurto ikastetxe publikotik egingo dira saioak. Egunero, 09:00etatik 12:00ak arte, ikasleen curriculumekin loturiko hainbat eduki eskainiko dira. 30 minutuko piluletan, maila bakoitzari dagozkion materiak landuko dira.

Honako atalak izango ditu saioak:

  • Irakurketarekin goxatzen atalean, egunero, ordu laurden bat eskainiko diote irakurketaren ulermenari
  • Hitzak jolasean tartean euskara landuko da, ahozkotasunak izango duelarik lehentasuna (hitz jolasak, aho korapiloak, ikerketa proposamenak, errezetak, komikiak eta ipuinak sortu, bitxikeriak…), idatzizko adierazpena alde batera utzi gabe.
  • Mugi-mugi atalak gorputza lantzeko ariketak proposatuko ditu. Konfinamendurako soinketa, alegia.
  • Hari-mataza tartean, matematika jorratuko dute: buruketak, mahai jolasak, jolas matematikoak...
  • Aldaba izeneko tartea, irakasleak etxeetatik jasotako feedbacka partekatzeko unea.
  • Ttakun-ttakun atalean, musika-adierazpena, dantzak, perkusio jolasak eta erritmoak landuko dira.
  • Munduaren birak atalean gizarte-zientziak tratatuko dira.
  • English corner izenekoan, ingelesaren irakaskuntzara hurbilduko ditu ikus-entzule gazteak.
  • Zientzia edonon sailak zientzia eta teknologiako konpetentziak hartuko ditu bere baitan.
  • Bitakorak egingo du saioaren itxiera, zer ikasi den errepasatzeko eta ikusleak gune interaktiboan parte hartzera gonbidatzeko.

Eguneraketa, apirilak 15:

Webgunea ere osatu da bildu diren edukiekin.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago