Teknologia albisteak

Ahaztu 'taldeko immunitatea': Erresuma Batuan ere itxialdi zorrotza

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-03-25 : 10:06

Erresuma Batuan lehen COVID-19 kasuak detektatu zirenean, Boris Johnsonek esan zuen ez geniola beldurrik izan behar birus horri, taldeko immunitatea sortuko litzatekeelako. Baina lehen ministroak presioak izan ditu, toryen eta laboristen presioak, eta batez ere errealitatearenak: itxialdiaren politika gogorragora pasatu behar izan du.

Joan den ostiralean, lehen ministro britainiarrak agindua eman zuen jatetxeak, gimnasioak, pubak, zinemak eta abar ixteko . Orain, Erresuma Batuak neurri zorrotzagoak hartu ditu, egoerak behartuta. Rishi Sunak Ogasun ministroak ziurtatu duenez, lanpostua galtzen duten langileentzako laguntzak dira, eta Gobernuak soldaten % 80 ordainduko die.

Johnsonek kezka agertu du, telebistako agerpena eginez: "Birus honen gailurra geldiarazteko ahalegin nazional handia egiten ez badugu, munduan ez da hori indargabetu dezakeen osasun sistemarik egongo".

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak esan du ezinbestekoak ez diren denda guztiak itxi egin beharko liratekeela, eta neurri gogorragoak hartzeko prest agertu da urruntze soziala indartzeko.

Taldeko immunitatea gertatzen da infekzio jakin baten aurrean nahikoa banako babestuta daudenean, hau da, antigorputzak sortu dituztenean, eta pertsona horiek suebaki gisa jarduten dutenean, mikroorganismoa babestu gabekoengana iristea eragotziz. Kontua da tarteko arrisku handiak egon daitezkeela immunitate hori politika gisa ezartzekotan. Azkenean, Erresuma Batuan behintzat, ez dute arriskatu nahi izan. Ikusi beharko da nola doan kontua Suedian, antzeko erabakiekin jolasten ari diren estatuan.

Erantzun

Sartu