Hatortxu Rock 1999an jaiotako musika jaialdia da, eta 2017an bere historiari buruzko dokumentala egin zuten. Pandemiaren sasoi honetan, dokumentala sarean libre uztea erabaki dute, Youtubeko helbide honetan.
2017ko uztailean festibalak bere 20. edizioa ospatu zuen. Orduan egin zuen film hau Iñaki Alforja zuzendari iruindarrak. Lau egun, 85 musika talde eta milaka pertsonek osatu zuten sekula Euskal Herriak ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena. Hau 6.000 lagunen lan boluntarioari esker atera zen aurrera. Dokumentala zentratzen da boluntario horietan, eta haien arteko hogei lagunen istorioak biltzen dira irudietan.
Honala azaldu du Hatortxu Rock-en antolakuntzak dokumentala askatzeko erabakia: "Astebete konfinamenduan, imajinatzen dituzu 18 urte? Horiek dira ‘HTX 20. Elkarrekin edozer dugu posible’ dokumentalaren lehen protagonistaren aitak lau hormen artean daramatzanak. Etxetik ehunka kilometrotara. (...) Aldea izugarria bada ere, etxean itxita gauden egun hauetan, ezinezkoa da hainbat urte edo hamarkada metro karratu gutxi batzuetan giltzapetuta daramaten euskal presoekin ez gogoratzea."
Izan ere, hori izan du Hatortxuk helburu nagusietakoa sortu zenetik: "errepresaliatu politikoen egoeraren salaketa eta dispertsio politikak eragiten dituen gastu erraldoiei aurre egiteko, senideekiko elkartasun ekonomikoa."
Erantzun
Sartu