Teknologia albisteak

Feministek "zaintza koordinatzeko mahaia" eskatu dure Koronabirusaren krisiari aurre egiteko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-03-16 : 20:17

Euskal Herriko Mugimendu Feministak "Zaintza Koordinatzeko Mahaia" sortzea eskatu die Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Iparraldeko Euskal Elkargoari, koronabirusak sortutako krisiaren aurrean. Feministen iritziz, mahai horretan egon beharko dute, alderdiez eta sindikatuez gain, orain arte erabakiak hartzean baztertuta egon diren gizarte eragileek, hala nola mugimendu feminista eta langileen elkarteek.

"Mugimendu Feministak ez du agentzia politikoa beste norbaiten esku utzi nahi, ez dugu egingo", dio agiriak. "Gu gara zaintzari buruz dakigunak, eta krisi hau, pandemia deitzen dioten arren, zaintza krisi bat da. Estatuek eta gobernuek zainketen dimentsio estrukturala ikusteko duten ezintasuna kezkagarria da."

"Krisi honetatik aterako gara soilik elkarrekin ateratzen bagara: horretarako beharrezkoa da antolaketa soziala, eta botere publikoek onar dezatela interlokuzioa izatea benetan jendartearen eta bizitzaren iraunkortasunaren zein zaintzaren atzean gauden eragileekin, zeren, gainera, jendartea behetik mugiarazteko eta antolatzeko gaitasuna baitugu. Beharrezkoa da gure ahotsa entzunaraztea eta, behingoz, Mugimendu Feminista solaskide baliagarritzat hartzea; izan ere, alferrik da politikariak eta erakundeetako ordezkariak martxoaren 8ko manifestazioetara joatea (egia esan baligute, ez genituzke deituko) edo argazkiak ateratzea egoera politikoa aprobetxatuz, gero ez badira gai izango guri ahotsa, solaskidetza eta erabakitzeko gaitasuna emateko. Egiten eta eskatzen ari garena erantzukizun politiko eta moraleko kontu bat da. Koordinatzeko eskaintzen ari gara gure burua, lan egiteko. Errealitatea onartzeko eta horren arabera jokatzeko unea da."

Agiria osorik hemen irakur daiteke. 

Irudian, Josebe Iturriotz agiria irakurtzen (bideo honetatik hartua)

Erantzun

Sartu