Ane Irazabal kazetaria ahalegin handia egiten ari da ETBn Italiako Koronabirusaren egoeraz berri ematen; baina gaur beste iragarpen bat egin du: berak zuzendutako Awlad dokumentala sarean libre jarri dutela ikusgai. Ordubete pasatxo irauren duen lan hunkigarria da.
Halaxe adierazi du Irazabalek Twitterren: "Zinemetan eta antzokietan zabaldu nahi genuen. Baina garai arraroak bizi ditugu eta maite ditugun proiektuak besteekin partekatzeko modu berriak aurkitu behar ditugu. Etxean goxo, #AWLAD gure dokumentala doan ikusteko linka: Ea gustatzen zaizuen!".
Awlad edo Hesiak gainditu deritzo dokumentalari. Ez dute esanahi bera bi adierazpide horiek: Awlad, arabieraz, haurrak da, pluralez. Lau haurren istorioa kontatzen baitu filmak, bi neskato eta bi mutil, Siriako gerra atzean utzi dutenak; nola egin dute bidaia tarteko herrialdeetatik, bakearen muga erdiesteko asmoz.
2019an zuzendu zuen lan hau Ane Irazabalek, Cosimo Caridi italiarrarekin batera. Lana Zinexit Giza Eskubideen Zinema Jaialdian estreinatu zen 2019ko azaroaren 27an. EuroBasque Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluaren, 2019 Kazetaritza saria irabazi zuen dokumentalak ikus-entzunezko medioen sailean, duela aste gutxi jakinarazo zenez. Maiatzaren 8an emango dituzte sariok Gernikako Euskal Herria museoan egitekoa den ekitaldian, baldin eta pandemiak ordurako uzten digun...
Ikus Awlad Hesiak Gainditu Vimeon.
Erantzun
Sartu