Teknologia albisteak

Espainiako Liburutegi Nazionalaren altxor digitala

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-28 : 09:52

Biblioteca Digital Hispánica (BDH) baliabide interesgarri bat da liburu zahar digitalizatuak aurkitzeko. 2018an ireki zuten 10.000 ale digitalizaturekin, eta orain jada 100.000 baino gehiago dira. Erdiaroko liburuetatik, 20. mendeko materialera, zerbitzu interesgarria da.

Bilaketa bidez klasikoen izenak aurkitu ditzakegu, hizkuntzaren arabera euskarara murriztuz emaitzak. Horra Aita Larramendiren bi lan, goiko irudian bilaketa bidez agertzen direnak.

Baionan editaturiko lan bat ere aurkitu dugu (eta ez lan askorik eginda bilaketan): Esteve Materreren Dotrina kristaua, 1704. edizioa (azkena)

Espainiako Liburutegi Nazionalaren ekimena da digitalizazio hau, eta bildumak osatu ahala, hemen ondo deskribatzen dituzte.

Ez bakarrik liburuak, argazki eta ilustrazio bildumak ere badaude. Hemen argazki sorta ikusgarria, Eibarren 1937 edo 1939 urteen artean ateratakoak, Gerra Zibilak utzitako txikizioa agerian.

Bitxikeria gisa, ePub sekzio bat ere badute, non eskubiderik gabeko klasiko eta lan zaharrak lor daitezkeen doan. Sekzio horretan euskarazko ale bakarra aurkitu dugu, Don Kixoteren inguruko saiakera bilduma bat eta itzulpen partziala dirudiena, 1905ekoa.


Erantzun

Sartu