Biralki zabaldu da bideo hau azken orduetan. Donostiako Herri Anetsa ikastolan bisita izan dute: hontz handia (Bubo bubo) azaldu da jolastokian. Hegaztia zauritua egon zitekeelakoan, basozainei deitu diete ikastolatik, baina aditua hurbildu zaionean, hegoak normaltasunez zabaldu eta arazorik gabe ekin dio hegaldiari, susto txiki bat emanez akaso haurrei (poza ere bai, seguru).
Hona bideoa:
Ikastolako teilatu inguruan ikusi zuten hontza lehenbizi, baina euria hasi zenean, jolastokiko bazter batean babes hartzera bildu zen txoria. Orduan deitu zieten basozainei eta irudietako sekuentzia gertatu.
Euskal Herriko hegazti harrapari handienetakoa da hontz handia (eta gaueko harraparietan, ez Euskal Herriko handiena, mundukoa baizik!). 29-73 zentimetroko altuera eta 1'3-1'7 metrotako hego-zabalera ditu. Luma arre eta beltzak ditu eta burua bi motots agertzen ditu begi gorrien gainean, belarriak bailira. Eurasiako eskualderik gehienetan aurkitzen da, baina Euskal Herrian ez da bereziki ugaria; hortaz, bada harrigarria hiri bateko agerpen hau.
Oso ixila da ohikoan, baina soinua egiten duenean, egiten duen uluak (úú-oo) bi kilometrotara entzun daitezke. Batzuetan azeriaren zaunka ere imitatzen duela esaten dute.
Erantzun
Sartu