Donostiako Aiete jauregian kokatzen da Eskura Zentroa, Giza Eskubideen aldeko ikertegia. Orain, otsailaren 19 eta 20an bertan egingo da Giza Eskubideen aldeko Baliabide Pedagogikoen II. Nazioarteko Mintegia, eta hain zuzen ere, hori burututakoan, bere jarduera horretara bideratuko da nagusiki: pedagogiara.
Jardunaldiak araututako eta arautu gabeko hezkuntzako profesionalentzat dira, bai eta GGKEetako kideentzat, giza eskubideen arloko ekintzaileentzat, irakasle eskoletako eta pedagogiako ikasleentzat eta, oro har, herritar guztientzat ere. Otsailaren 17a arte eman daiteke izena. Egitaraua, PDF honetan.
Eskura zentroa sustatzen dute Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak . 2018. urtearen amaieran ekin zion bere ibilbideari eta, bi urte eskasean, hainbat dibulgazio eta hedatze lan egin ditu, denbora horretan bildu dituen baliabideak zabaltzearren. Iaz, sasoi honetan, I. Nazioarteko Mintegia antolatu zuen, migrazioa gai nagusitzat hartuta. Gaiari lotutako nazioarteko zenbait baliabide pedagogiko identifikatu eta aurkeztu ziren ekitaldiak iraun zuen bi egunetan. Oraingoan, pedagogiaren alorra lantzen jarraituko dute. Egoitza Aiete Jauregian du, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean, beste modu batean esanda.
Beste zerbitzu batzuen artean, mediateka bat dauka, giza eskubideen aldeko baliabide pedagogikoei buruzko dokumentazio zentroa. Euskadiko liburutegien sareko partaidea da eta hiru zerbitzu mota emango ditu: materialen mailegua, kontsulta espezializatuak eta informazio buletina, baliabide berriei eta gai zehatzei buruzkoa.
Informazio gehiago: Irekia, Eusko Jaurlaritza.
Erantzun
Sartu