Teknologia albisteak

Naturako ilustrazio klasikoen super-bilduma bat askatu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-14 : 09:03

BHL izeneko ekimen bibliotekario batek 150.000 ilustrazio klasiko liberatu ditu, botanika eta fauna irudi klasikoak, 15. mendetik 20 mende hasierara artekoak. Izatez, irudi horiek eskubidez libreak dira honezkero, baina bilduma lana egiteak urteak hartu ditu, eta orain denak aldi berean askatu dituzte datubase batean, irudiak Flickr zerbitzura ere igoz.

Botanika edo ornitologiako ilustrazio klasikoek badute xarma berezi bat: zientziari begira errealismoa ezinbestekoa zen, baina artistek eszenak eratzen ere lan berezia hartzen zuten.

Hor goiko adibidea "The book of birds; common birds of town and country and American game birds" liburukoa da. Estatu Batuetako faunako bi txori dira, baina ahaide oso antzekoak dituztenak Euskal Herrian: antzandobia ezkerretara, enara eskumatara. Liburuko orrian beste bi hegazti ere agertzen dira.

BHL siglak esan nahi du Biodiversity Heritage Library, biodebersitate-ondarearen liburutegia, eta 2006an osatu zen, Smithsonian erakunde estatubatuarrak finantziatuta. 300 libururen digitalizioarekin hasi ziren, eta orain 200.000 liburu dauzkate datubasean, horien artean 150.000 ilustrazio kalitateko. Testuz zein irudiz, 150 milioi espezieren informazio historikoa dago artxibo horretan.

Balio historiko eta artistikoa du bilduma honek, baina zientziaren eta ekologiaren ikuspegitik ere inportantea izan daiteke: antropozenoaren aroan espezie desagerketa gero eta larriagoa denean, erreferentzia hauek balio handiagoa dute. Esate baterako, artikulu honetan aipatzen denez, Australiako azken asteetako sute ikaragarrien errautsetan hainbat espezimen aurkitzen ari dira zientzialariak, eta horiek identifikatzeko bilduma jakin hau (1907ko Australiako intsektuen liburu bat).

Biodiversity Heritage Library esploratzeko, ikus:

Adibide grafikoak:

 

 

Erantzun

Sartu