Teknologia albisteak

Hirikilabs, sormen-proiektuetarako deialdia Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-11 : 09:07

Donostiako Tabakalera zentroak antolatzen duen urteroko Hirikilabs proiektu-deialdia irekita dago aurten ere, otsailaren 17a arte. Herritarrei, elkarteei, kolektiboei eta taldeei dei egiten zaie teknologiari eta/edo kultura digitalari buruzko proiektu kolektiboak egiteko proposamenak aurkez ditzaten.

Bi modutan parte har daiteke, proiektu bat aurkeztuz, edo zure ezagutza edo lana eskainiz kolaboratzaile edo partehartzaile gisa. Bigarren kasu honetan, zeure burua aurkeztu eta proiektuen agerpen publikora joan zaitezke (otsailaren 20an, Tabakaleran), ea inoren ideiarekin bat datozen zeure trebeziak. DIY eta DIWO filosofiak elkartzen dira hemen:

  • DIY, Do It Yourself (Zuk zeuk egizu)
  • DIWO, Do It With Others (Beste batzuekin egizu)

Hautatzen diren proiektuak gutxienezko 200 euroko laguntza bat jasotzen dite, baina Hirikilabs-eko lantaldeak erabakitzen badu, laguntza hori hedatu daiteke. Proiektuak "egin, praktikan egin", Tabakalerako Hirikilabs espazioan egin behar dira, ostegunero irekiko den tarte batean (16.00etatik 20.00etara).

Proiektuak alor hauetakoak izan daitezke:

  • Herri zientzia: Zientziaren, ingurumenaren, astronomiaren, biologiaren edo arlo soziosanitarioaren eremuko esperimentu edo dibulgazio ekintzak.
  • Diseinu irekia eta fabrikazio digitala. Maker-praktikak, fabrikazio digitala, 3D inprimatzea... Alor honetan berebiziko esperientzia du Hirikilabsek.
  • Datuen kultura, irekitasuna, bistaratzea, gardentasuna, parte-hartzerako teknologiak.
  • Hezkuntza eta teknologia. Ikasteko jolas-dinamikak, aplikazioak, jokoak...
  • Esperimentazioa eta sorkuntza. Soinua, ikus-entzunezkoak, programazio sortzailea, bideojokoak eta, oro har, sormen diziplinei lotutako teknologiak.

Informazioa, oinarriak eta aurkezteko formularioa, hemen. Gogoratu, otsailaren 17a arte.

Erantzun

Sartu