Teknologia albisteak

Iowako caucusak, sistema arraroa, eta desastre informatikoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-05 : 14:22

AEBetako presidentziarako hauteskunde kanpainak bisurteetan gertatzen diren prozesu luze bat dira. Izatez, presidentegaiak aurreko urtetik ere egoten dira kanpainan, ze urtea hasi eta gutxira, otsailaren lehen astean, izaten da lehen primario tradizionala: Iowako Caucusa. Aurten ere data horretan zintzo egin da prozesu bitxi hau, baina desastre informatiko batek emaitzak atzeratu ditu.

'Caucus'-ak AEBko 13 estatutan egiten dira, baina Iowakoak dira ezagunenak, egutegian lehenak izateagatik erabakigarriak direlako. Hitza algonkin indiar hizkuntza batetik eratorria dela uste da, "aholkulari" adierarekin lotzen da.

Hautaketa politiko baten zentzuan, zera da Caucusa: biztanleak arratsaldeko ordu jakin batean bakarrik eman dezakete botoa eta, horretarako, alderdi errepublikarreko edota demokratako boto-emaile bezala erregistratuta egon eta alderdiko bileran parte hartu behar dute. Iowako errepublikarren kasuan, bilkura horietan botoa ematen da, eta hori da kontua. Nolanahi ere, oraingoan agintean presidente errepublikarra egonik (Trump), haren hautagaitza errepikatzea da espero dena eta formalki primarioak egon arren, ez dago Trump-ekiko lehiarik.

Alderdi demokrataren aldean, ia 1.700 puntutan elkartzen dira alderdizaleak Iowan. Horietako batean, areto ireki bat hautagaitza desberdinen artean banatzen da fisikoki. "Bazter horretan, Sandersenak; hemen, Warrenen aldekoak..." Hautagai bakoitzak normalean izango du antolatzaile edo kanpainakide bat toki bakoitzean, eta hitzezko interbentzio eta eztabaidak egin ditzakete toki bakoitzean, alderdikideak bazter batetik bestera mugitzeko esperantzarekin.

Toki bakoitzean, delegatuak banatzen dira, eta zenbaketa ez da erraza, baina gertatu den arazoak ez du zerikusirik metodoaren konplexutasunarekin: hori badakite manejatzen Iowan honezkero, baina huts egin duena da komunikazioa: app baten bidez eman behar zuen toki bakoitzak bere informazioa, eta hori kolapsatu egin da, eta horren ondoren baita telefonozko komunikazio sistema alternatiboa. Azkenean, tokian tokiko aktetak datuak biltzen ari omen dira Alderdi Demokratako ordezkariak.

(irudi eguneratua: egun batzuetara bildutako Iowako emaitzak jarri ditugu)

Estatu Batuetako aurtengo hauteskundeen egutegian, hurrengo primarioak (bozketa normalagoekin), New Hampshire estatukoak dira otsailaren 11n.

Erantzun

Sartu