Joan den asteburu honetan eman dituzte 2020ko Argia Sariak, eta bertan saritu zituzten, prentsa idatziaren alorrean, Berria egunkariko igandeetako azal bereziak. Ba hara, Berriak berak iaz argitaratutako 20 azalen aukeraketa bat egin du, eta jendaurrean jarri ditu aukeraketa bidez onenak izendatu ditzagun. Otsailaren 10a arteko epea dago botoa emateko, eta sariak zozketatuko dira parte-hartzaile guztien artean.
Zozketatuko diren sariak honakoak dira: egonaldi bat landa-turismoko etxe batean, bazkaria jatetxe batean, eta Berriarako urtebeteko harpidetza. Hemendik parte har daiteke.
Berria egunkaria 2014ko ekainean hasi zen igandeetako azal berezi hauek egiten, Gure Esku Dagok antolatutako giza katearen harira. Harrezkero, erredakzioaren eta diseinu taldearen lana elkartu dira ale benetan ederrak egiteko. Horixe aitortu zuen Argiak bere 2020ko sariarekin joan den ostiralean: "Ez espero bezperako irudirik ikustea… Zer edo zer gehiago ekartzen saiatzen dira, argazki bat oinarri batzuetan, kontzeptualagoak besteetan, bizpahiru segundoan harrapatzeko modukoak denak", honela azaldu zuen saria Argia aldizkariko Maitane Gartziandia diseinatzaileak.
Jakes Goikoetxea kazetaria eta Maixa Olano diseinatzaileak jaso zuten saria, eta erakusleiho bat diseinatuko balute bezala pentsatzen dituztela azalak adierazi zuten.
Hona 2014ko lehen azal bereziki pentsatu hura:
Erantzun
Sartu