Teknologia albisteak

Heriotza kausa konparatuen mapa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-08 : 11:03

Valentziako erakunde batek, Fisabio delakoak, Espainiako heriotza estatistiken bilduma egin du eta ANDEES deritzon "hilkortasunaren atlas nazionala" sortu dute. Horren gainean,  El Pais-ek egunkariko datu-kazetari eta infografistek beste mapa interaktibo interesgarri bat egin dute. Hori arakatzen ibili gara, Hego Euskal Herrira begira.

 

Faktore askotan eskualde batzuk beste batzuk baino hobeak edo okerragoak dira (ertainetik gora edo behera daude heriotza kausa zehatz batean), baina ez zaigu iruditu bereziki Hego Euskal Herrian ezertan aldentzen denik ertainetatik bereziki, salbu eta heriotza kausa zehatz batean: istripuzko erorketa. Kasu horretan, Nafarroan arrisku handiagoa dago nabarmen (Asturiasen bezalatsu Espainiako Estatuko eskalan). Mapa zehatz horren irudi bat erabili dugu ilustraziorako.

Era berean, zoom egiten baduzu eta kurtsorea udalerri zehatz baten gainean utzi, lauki bat azaltzen zaizu herri horretako datu nagusiekin. Adibide honetan, Azpeitia:

Heriotza tasa handiagoa dago Azpeitian "sintoma ez sailkatuengatik", baina auskalo zer esan nahi duen horrek. Bestalde, minbizi mota batzuek maila ertainetik gorako hilkortasuna dute, eta beste batzuek txikiagoa. Izan ere, mapari ikusten diogun eragozpen handiena da heriotza-kausa batzuk oso zehaztuak daudela (minbizi motak banaka zerrendatzen dira, baina ez dago 'minbizia' kategoria orokorra), baina beste batzuk ordea oso lausoak dira ulermenerako.

Erantzun

Sartu