Teknologia albisteak

Xarma, produktu erotikoak eta aholkularitza euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-07 : 09:33

Jakin genuen Xarma izeneko zerbitzu bazebilela hor, emakumezko batek gidatua, tuppersex erako bilerak antolatzen eta produktu erotikoen salmenta egiten; tartean, Satisfyer ezagunak ere bai, tresna hauen inguruko aholkuak euskaraz banatzen gainera. Xarmarekin kontaktatuz, Idoiak erantzun digu, eta egiten duena kontatu digu Sustaturako.

Halaxe kontatu digu Idoiak zer den Xarma eta nola sortu zuen:

"Xarma lehorte txiki batetik sortutako lorea dela esan dezaket. Idoia naiz, 25 urte dauzkat, erizaina naiz eta bide batez, proiektu txiki honen atzean aurkituko duzuen pertsona. Nire sexualitateaz kontzientzia izan dudanetik izan naiz produktu erotikoen erabiltzaile, lubrikanteetatik hasi eta jostailuetara, eta egia esan, nahiko kontziente nintzen ere mundu hau bazela ikusgarritasun onena-edo ez zuen alorretako bat.

Zergatik ez beraz, horrenbeste interes pizten zidan gai zein objektuak hezkuntza eta gozamenetik zabaldu eta jendeari gerturatu? Galdera honi erantzunik sortu nuen Xarma, tuppersex bilerak “xarma” berezi batekin eskaintzera bideratuak. Bilera profesionalak egin nahi nituen, helburu nagusia salmenta izan gabe bertaratzen zirenen zalantzak argitu eta beraien beharretara moldatuko ziren produktuak gomendatu. Eta horretan nabil."

Bileretara joan gabe ere, produktuak erostea badago; kontaktuan jarri eta egin eskaera. Baina produktuaz gain, Idoiak euskarazko dokumentazioa ere ematen dizu eskaria bideratzerakoan; erabilpen orri horietan ere badago "xarma". Eskupaper horietan, diosku Idoiak, "eskerrak ematen ditut lehenik eta behin, jostailua aurkezten dut gero, eta bukatzeko erabilpenerako zein garbiketarako jarraipen batzuk aipatzen ditut."

Produktu izarraz ere mintzatu zaigu Idoia:

"Azken urte honetan produktu erotikoen artean izarra aukeratu beharko bagenu, zalantzarik gabe klitori xurgagailua izango litzateke (batez ere Satisfyer markakoa). Kuriosoena baina zera da, nire bileretan ez dela izaten gehien erosten den jostailua… Oso mundu anitza eta zabala da hauxe, produktu bakar batera mugatzeko. Guztiak (edo zati handi bat behintzat) deskubritu ahal izateko, bilera bat antolatzea ideia onena! Sare sozial zein emailez hitzartu daiteke."

Xarma zerbitzuarekin kontaktatzeko, Facebook, Instagram eta e-postaz xarma.info (a bildua) gmail.com helbidean.

Erantzun

Sartu