Teknologia albisteak

2020ko Argia Sariak banatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-01-31 : 17:31

Lasarteko Atxega jatetxean banatu dituzte, urtero bezala, 2020ko Argia Sariak, Argia aldizkariak urtero ematen dituen euskarazko komunikazioaren ohorezko aipu ezagun eta preziatuak. Aurtengo irabazleak izan dira; prentsa idatzian, Berria egunkariaren azalak, Irratian, Hankak Lurrin irratsaioa, Azkoitiko Kontrako Eztarrixe irratikoa; Interneten, Egunean Behin jokoa; Ikus-entzunezkoetan, 'Ez, eskerrikasko. Gladysen Leihoa' dokumentala; komunikazio kanpaina gisa, apustu etxeen kontrako mugimendua; eta merezimenduzko saria Gure Zirkuari.

Berria egunkarian ahalegin berezia egiten dute igandeetako alean azal deigarriak egiten, eta lantaldeko Jakes Goikoetxea kazetariak eta Maixa Olano diseinatzaileak azala ere talde-lana dela nabarmendu dute.

Irratiko kategorian, "Hankak lurrin" saioa, nagusiki umorekoa, Kontrako Eztarridxe Azpeitiko irratian entzun daiteke, Arrosa sarean ere entzungai dena. Iñaki Segurola Ogrue esatariak jaso du saria, Xabier Arenaza Mamo alboan zuela (uste dugunez). Entsalada epelaren salaketa latz bat eginez mikrofono aurrean Ogruek, persona non-Greta berau agertzen den bazterrik gehienetan.

Ikus-entzunezkoen alorrean,  'Ez, eskerrikasko. Gladysen Leihoa' dokumentalak jaso du saria, Bertha Gaztelumendik eta Sabino Ormazabalek jaso dute oroigarria eta eskertu dute ohorea, Ormazabalek kantuan. Euskal Herriko mugimendu antinuklearraren historia sentitu bat da, Gladys del Estal ekintzaile erailaren memorian zentratua.

Interneteko saria, Sustatu egiten duen enpresak, CodeSyntaxek, sortutako joko-aplikazioak lortu du: Egunean Behin. Lantaldeko hiru lagun joan dira, eta Maite Rementeria diseinatzaileak egin ditu eskertzako hitzak, urduritasun puntu batekin, gogoratuz laster dela martxan jokoa berriro ere, otsailaren 3an astelehenarekin hasiko baita denboraldi berria

Komunikazio kanpainen alorrean, apustu etxeen kontrako kanpaina saritu du Argiak.

Eta, merezimenduzko saria, Gure Zirkuak jaso du, azken hilabeteetan herririk herri ibili den ikuskizunak. Iker Galartza aktoreak (orain ofizialki ferianteak) eman ditu eskerrak saria jasotzean.

Erantzun

Sartu