Teknologia albisteak

Hauspotu, eskualde despopulatuenak bizitzeko ekimena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-02-02 : 12:49

Hauspotu proiektua aurkeztu du Udalbiltzak, despopulazioaren kontrako ekimena.  Ekonomia sozial eraldatzailean oinarritzen diren proiektuak sustatuko dituzte, behar gehiena duten Euskal Herriko eskualdeetan: Pirinio Kontinentala (Nafarroa Beherea eta Zuberoa), Pirinio Penintsularra (Auñamendi, Pirinioaurrea, Erronkari, Zaraitzu, Zangozaldea eta Irunberri), Nafarroa Erdigunean (Tafallaldea, Estellerria eta Izarbeibar), Araban Mendialdea, Trebiñu eta Ibarrak; eta Bizkaian Enkarterrian.

Gaindegiak egindako ikerketa bati esker definitu dira goian aipaturiko eskualdeak, horretarako hiru ardatz kontuan hartuta: zerbitzuen irisgarritasuna, despopulazioa eta langabezia tasa. Eskualde horiei lagundu nahi die Hauspotu proiektuak zerbitzuak eta biztanleak mantentzeko zailtasunak dituzten herriei bultzada emanez, eta lurralde desorekaren inguruko kontzientzia garatuz bide batez.

OlatuKoop eta Koop57 kooperatiben laguntzarekin, babes tekniko eta ekonomikoa eskainiko zaie aurkezten diren proiektuei, direla berriak edo martxan daudenak. Alde ekonomikoan mikrokreditu bidezko laguntza eskainiko zaie proiektuei, interes tasa txikiko maileguetan. Babes teknikoari dagokionez, zera egingo da:

  • Jardunaldi formatiboak: eskainiko dira eskualdez-eskualde. Saio horietan, parte-hartzaileek Ekonomia Sozial Eraldatzailearen munduan murgiltzeko lehen urratsak emateko aukera izanen dute.
  • Saio bateratua: Jardunaldi formatibo hauek zazpigarren saio batekin amaituko lirateke, zeinetan eskualde guzietako parte hartzaileak gonbidatuko diren. Bertan, sinergiak sortu eta errealitate ezberdinen ikusmirak partekatzeko aukera izango dugu.
  • Bidelaguna: Ondoren, bidelagun bat esleituko zaio entitate bakoitzari, proiektua sendotzeko laguntza berezitua eskainiko duena. Mintegietako gidaritza OlatuKoop-ek hartuko du.

Aurkezpen jardinaldiak egingo dira datozen hilabeteetan. Lehenbiziko aurkezpenak hauek dira:

  • Gares (Nafarroa), otsailak 7.
  • Argantzun (Araba), otsailak 14.
  • Agoitz (Nafarroa) otsailak 28.
  • Galoze (Nafarroa, otsailak 29.

Informazio gehiago: Hauspotu (Herriak Bizituz).

Erantzun

Sartu