Zillow Estatu Batuetako etxe-salmentako Interneteko zerbitzu handiena da, hala nola Idealista Espainian, eta norabide berri batean hasi da negozioa egiten: Interneteko ataria bera hasi da etxeak zuzenean erosten eta saltzen. Interneteko big data direlakoen eta zerbitzu handien gaitasun monopolistikoaren adibide garden bat da.
Milioika bisitari eta etxe-iragarkiren datubasearekin, hiri eta zonalde bakoitzean etxe jakin baten salmenta edo alokairuak duen merkatu-prezio errealenaren argazkia dauka Zillowk.
Big Data horren erabilpen automatizatu eta azkar batekin, webgunea gai da aukera onenak edozein erabiltzailek baino lehenago aurkitzeko, eta merkatu balioari esker poltsikoak beteta dituenez, erosteko agindua ere eman diezaioke bere finantza-zerbitzuei. Ondoren merkatu prezioetan jarri salgai berriro, eta etekina segurua.
Zillow Offer izeneko zerbitzuaren bidez egiten du hau atariak. Izatez, erabiltzaile batek etxea salgai jartzen badu Zillown eta Zillowren eskaintzari uko egiten badio, aukera gehiago du gero garestixeago saltzeko etxea, baina oso diferentzia txikiarekin (%0.22 garestiago bakarrik). Zillowri salduta, ordea, tramite guztietan erraztasun handia lortzen du saltzaileak, bitartekaritza guztiaren karga hartzen duelako.
Batzuen aburuz, egoera monopolistiko arriskutsu baten traza du honek: Zillow hain da puntu zentrala etxe-salmentaren merkatuan non jada informazio zerbitzua baino gehiago den, zuzenean inplikatutako saltzaile eta eroslea da, eta merkatuaren prezioetan eragiteko gaitasun zuzena du, bere mesede propioan gainera.
Beste bitartekari handi batekin konparatu dute Zilloe: Amazon-ekin. Amazonen praktika monopolistiko bat honela garatzen dela salatu dute: Amazonen bidez milioika ekoizlek saltzen dituzte beraien produktuak, eta hortaz, milioika produkturen gaineko informazio ezin hobea du. Delako kategoria batean (demagun, aiztoak), zein saltzen dira hobeto, zein kalitate-prezio baldintzatan, itzulera eskaeren portzentaiak, mota jakin batzuk gora edo behera doazen merkatuaren preferentzietan... Hori guztia erabiltzen ari da Amazon saltzaileen gainetik pasatzeko eta bera ere produktuen sorkuntza zuzenean sartzeko: aiztoak ezaugarri zehatz batzuekin ekoiztu eta saltzeko jakin behar den guztia daki honezkero Amazonek.
Zillowk egin duena Estatu Batuetan, nolabait Espainian ere gertatu zela esan daiteke, baina big-dataren erabilpen sistematikoarekin beharrean, inbertsio pertsonal aprobetxatuen bitartez: Idealista sortu zuten Encinar anaiek saldu zuten beraien bilatzailea, baina Idealistaren bidez lortutako merkatuaren jakintza baliatu zuten etxe-erosketa zuzenean egiteko eta Madril inguruko etxe-jabe aberats batzuk bihurtu dira.
Erreferentziak:
Erantzun
Sartu