Teknologia albisteak

Koronabirusaren hedapenaren mapa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-01-31 : 09:28

Baltimore (AEB) hiriko John Hopkins unibertsitateak Txinako Koronabirus epidemiaren zabalkundea grafikoki erakusten duen mapa eta estatistika panel bat sortu du.

Kasuen gehikuntza eta metaketa gora doala argi ikusten da, baina aldi berean, diren milaka gaixoentzako, hilkortasun maila "hain" handia ez dela ikusten da. Hazkundea Txinan gertatzen ari da, eta gutxiago nazioartean, nahiz eta kasu bakan batzuek dituzten herrialdeak asko diren.

Mapak ez daude zehaztasun handiegiz eginak: Frantziako 5 kasuak hexagonoaren erdian jarritako puntu batek markatzen ditu, ez dago puntu bat Bordelen eta beste batzuk Parisen (gaixoak hiri horietan dauden erietxeetan). Txinan bertan ere, probintzien araberakoak dira biribil gorriak, eta handienak Hubei probintzia osoa markatzen du: kontuan hartu Hubei 58 milioi biztanle dituen eskualde bat dela, eta bertan foku desberdinak daude; inportanteena Wuhan hiria da, 11 milioi pertsonako metropoli bat, baina beste 14 hiri ere berrogeialdian daude bertan.

Gaur goizean (ostirala 31) ikus daitekeen beste mapa interaktibo bat hegaldi honetakoa da: Wuhan hiritik hegaldi batean Erresuma Batuko eta Espainiako naziotasuna duten hiritarrak atera dituzte, eta Londresera daramatzate, gero Madrilen jaisteko azken bidaiariak. Hau argitaratzeko orduan, Errusia iparraldetik doa hegazkina, Itsaso Artikoaren pare.

Gehiago jakiteko, Koronabirusaren epidemiak jada orria du euskarazko Wikipedian.

Erantzun

Sartu