Teknologia albisteak

Google barrokismora doan bitartean, beste batzuk minimalismora

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-01-23 : 11:03

Googlek gero eta irudi gehiago jartzen ditu bere bilaketa-emaitzetan, publizitate, datu, lauki informatibo eta irudiak gehituz. Itxura grafikoa eta emaitza informatiboa oso desberdina da Googlek berak 2000. urtearen inguruan ematen zuenarekin. Baina aldi berean, beste bilatzaile batzuk itxura hura berreskuratzen saiatzen ari dira.

Joan den asteburuan aipatu genuen Google bilatzailearen azken aldaketa grafikoa: emaitzetan favicon irudiak erakustearen aldekoa. Kritikak jaso ditu aldaketa honek, Googlen egoteagatik ordaintzen duten iragarkien izaera ezkutatzen laguntzen duelako.

Batetik, Googleko emaitzetan agertzen diren ordainpeko estekak disimulu gehiagoz azaltzen dira, eta bestetik emaitza organikoak (bilaketa algoritmoek doan emandakoak) "publizitarioagoak" bihurtu dira favicon ikonoekin apainduta agertzen direlako.



Honen ondoan, badago beste joera bat bilatzaileetan: minimalismoa eta iragarki falta totala. DuckDuckGo bertsio minimalista eta Info.com dira horren adibide.

DuckDuckGo edo Duck.com bilatzailea berez da sinplea, eta datu pertsonal esplotagarrien bidezko filtrorik ez egitean du bere marketin erpina:

Baina berezko sinpletasun horretan are bertsio sinpleago bat ere egin dute, Lite izenekoa. DuckDuckGo.com/lite da helbidea, ez zaie okurritu duck.com/lite ere sortzea (ze deskuido!)

Info.com delakoak, berriz, informazio gehigarri gehiago eskaintzen du, eta Googlek bezala iragarkiak ere eskaintzen ditu eta bilaketa kategoriak (irudiak, bideoak, albisteak). Baina aldi berean "Google duela urte batzuk zena" oroitarazteko intentzio bat igartzen zaio.

Hori bai, Info.com domeinu moloiaren atzean ez dago teknologia propiorik. Londresko teknologia enpresa batek Microsoft-en bilaketa integratuz egin duen esperimentua da, eta hortaz, emaitzak Bing bilatzailearen antzekoak edo berdinak izango direla suposatzen dugu. (Microsoftek sortutako Bing ere, bere portadaz aparte, emaitza orrietan minimalista agertzen saiatzen ari dela dirudi).

Erantzun

Sartu