Teknologia albisteak

Library Genesis, liburu elektronikoak doan eskuratzeko baliabide bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-01-21 : 08:34

Library Genesis edo LibGen munduko liburutegi libre handiena da, 33 terabyte liburu ditu une honetan hainbat ispilutan. Ingelesez irakurtzeko gai bazara eta pirateriak larregi inporta ez badizu, doako liburu elektronikoak lortzeko baliabide praktiko bat duzu hemen.

Librea bai Library Genesis, baina legala... nekez. Zenbait erakunde, estatu eta Interneteko zerbitzu enpresa sarbidea eragozten saiatzen ari dira. Baina beste alde batetik, bertako edukien kopiak ostatatzeko zerbitzu boluntarioak ere sortzen ari dira, Reddit-en egindako laguntza eskaera baten ondorioz.

LibGen.is webgune islandiarra da webgunearen helbide lehena, baina ispilu bat aurki dezakezu (bestea ez badabilkizu) gen.lib.rus.ec helbidean.

Teorikoki, material zientifikoa ostatatzeko egina dago, eta neurri handi batean era horretako artikulu eta liburuek osatzen dute Library Genesisen gehiena, baina oro har dibulgazioa deitu dezakeguna badago, eta baita literatura lanak ere. Hori bai, ingelesez edo errusieraz dago material gehiena, eta oso aukera gutxi dago gaztelaniaz edo frantsesez. Ingelesez irakurtzeko gai bazara, behintzat, doako liburu elektronikoak lortzeko baliabide praktiko bat duzu hemen: historia eta saiakera bilduma handia duzu eskura.

Edukiaren formatuei dagokienez, PDF eta Epub formatuetan aurkitzen ahal duzu materiala. Liburu elektronikoetarako PDF-ak ez dira egokienak (eraldatu daitezkeen arren), baina tira, horra adibide bat jaistea lortu dugun elementu batekin: Steampunk Biblia, liburu ilustratu interesgarri bat PDF formatuan:




Beste adibide bat, Basque terminoarekin bilaketa: kasu honetan zenbait eduki zientifiko ageri dira, baina ez da oso bilduma potentea.

Literaturarako bilaketa adibide bat hemen, Peter Handke literatur Nobel saridunaren lanekin. Horra emaitza orria:



Eta jarraian, liburu jakin batean klikatzen baduzu aurkituko duzuna:



Aukera hauen artean, ispilu desberdinetatik liburua jaisteko aukera dago, kasu batzuetan jaitsiera zuzenarekin eta beste batzuetan P2P teknologia desberdinen bidez (BitTorrent, Gnutella...).



Erantzun

Sartu