Teknologia albisteak

Faviconak agertzen hasi dira Google bilaketetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-01-19 : 11:57

Google bilatzailearen web bilaketetan elementu grafiko berriak agertzen hasi dira: webguneak identifikatzeko favicon-ak.  Hemen itsatsitako adibide grafikoan zerrendako lehenak mundu ikono soil bat erakusten du: webguneak ez duelako favicon berezkorik. Hurrengo hiru adibideetan Sustaturen S berdea dago, Sarean.eusç albistegiarena PuntuEus-en .eus agiria da eta Librezaleren kasuan basurde bat.

(Bilaketaren pantaila-irudian Sustatu berdez ageri da, bestalde, baina hori da Highlite or Hide luzapena erabiltzen dugulako, zeina hemen azaldu genuen Sustatun.)

Favicon-ak ez ziren Internetekin jaio; Microsoftek 1999ko martxoan Internet Explorer 5 nabigatzailea atera zuenean, espezifikazio bat gehitu zuten webguneen interpretazio grafiko bat .ico irudi formatuan egiteko. Gizaldia amaitu baino lehenago, 1999ko abenduan, W3C kontsortzioak estandar bihurtu zuen.

Firefox nabigatzaileak hedatu zuen bere erabilpena fitxen mende honetako lehen urteetan, lehio desberdinak fitxetan erakusten zituen nabigatzaile bakarra hura zenean: Faviconak ziren orduan (eta orain ere), nabigatzaileko fitxak identifikatzeko pista eraginkorrena.

Gaur egunean, .ico formatuz gain, .png eta .gif formatuko faviconak ere estandarrak dira. Opera eta Firefox-ek gif animatuak ere onartzen dituzte, baina ez dira gomendaharriak Chrome, Edge edo Safari nabigatzaileek ez baitituzte estandartzat hartzen.

Erantzun

Sartu