Teknologia albisteak

Zer daki Googlek gutaz? Esteka batean erakusten digu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-01-17 : 10:38

Interneteko zerbitzu handiek gutaz asko dakitela garbi dago, eta horren froga ikusten dugu etengabe han-hemenka agertzen zaizkigun iragarkietan gure interesak agertzen direlako sarri, askotan "entzungo bagintuzte" bezala: zerbait guk esan eta iragarkian agertzen zaigula errezelo hori askok eduki dugu. Tira, iragarkiak zerbitzatzen dituen erraldoietako bat Google da, eta hark behintzat horiek erakusteko gure ze profil erabiltzen duen erakusten digu, esteka honetan.

Goiko irudi horretan Sustatuko editorearen elementu zerrenda agertzen da. Adina asmatu dio, eta baita gizonezkoa dela, baina futbol amerikarra, gaueko bizitza eta autoak interesatzen zaizkionik asmakuntza hutsa dira.

Ikus zuri buruzko datutegia hemen:

Intereseko gaien zerrenda oso luzea izan daiteke, 100 elementu eta gehiago ere bai. Horien artean, arreta deitzen duten elementuak dira norberaren bizitza pertsonalari buruzkoak. Gure portaera eta interakzioak aztertuz, Google gai da egoera zibila igartzeko, zein enpresa motatan lan egiten duzun, eta baita, kasu batzuetan, zenbat seme-alaba dituzun esateko ere. Kasu honetan, ez du editorearen datua asmatu, baina Sustatu egiten duen CodeSyntax enpresako lankide baten kasuan, bi seme dituela iragarri du sistemak, eta baita haien adinak ere:

Koadro horretan ikusten den bezala, interes edo datu bakoitzean klikatzean, koadro bat agertzen da eta interesgune zehatz hau gure zerrendatik desaktibatzeko eska diezaiokegu Googleri. Ez baduzu iragarkirik nahi seme-alabentzako produktuak gomendatuz, ba desaktibatu adibide horretakoa.

Nola asmatu du Googlek interes zerrenda hau? Guk geuk trakeatzen edo arakatzen uzten diogun datuen arabera. https://myactivity.google.com/myactivity?hl=eu helbidean dugu nolabaiteko kontrola horri buruz, eta azaroan azaldu genuen Sustatun nola kudeatzen den beste atal hori.

Erantzun

Sartu