Teknologia albisteak

“IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan” liburua, ikuspegi kritiko batetik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-01-14 : 13:56

“IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan” izeneko liburua argitaratu dute UEUk eta EHUk, koedizioan. Liburu honen egileen ustez, irakaspraktikak teknologiaren beharra du eta orain da teknologiak eta hezkuntzak, ikuspuntu kritiko batetik, bat egiteko unea. Teknologiak berrikuntza ekarri behar dio hezkuntzari, batetik, ikaskuntzan egin beharreko atazak lagunduz edo hobetuz eta bestetik, ikaskuntzari balio erantsia emanez. Alorreko 32 adituk parte hartu dute argitalpen honetan.

Horretarako, egileek ezaugarri hauek izango lituzkeen hezkuntza irudikatu nahi izan dute liburu honetan, online irakaskuntza eta baliabide digitalak ere kontuan hartuz: inklusioa, ubikuotasuna, ikasmaterialen aniztasuna eta moldagarritasuna, arreta pertsonalizatua eta euskal curriculuma inplementatzeko aukera, besteak beste. Bestalde, teknologiak dituen aukerak aipatzeaz gain, berekin dakartzan arriskuak ere kontuan izan dituzte.

Horien guztien bilgune, eztabaidagune eta ikergune izateko asmoz sortu zuten www.hezikt.eus webgunea eta UPV/EHUren «HEZikt: IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan, eta Hizkuntzen Irakaskuntzan» graduondokoa, UEUren laguntzaz.

Orain, liburu hau ere bide horretan laguntzera dator: ikasle-irakasleen artean ikertzen duen komunitatea batu dute argitalpen honetan, eta euskarak eta hiztun komunitateak behar dituzten tresnak, baliabideak eta metodologia interesgarriak aipatu eta aztertu dituzte.

Erantzun

Sartu