Teknologia albisteak

Enfokamer, merkataritza sektorearen behatokiaren webgunea berritu da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-01-13 : 16:17

Euskal Merkataritzaren Behatokiak, Enfokamer izenekoak, webgunea berritu du. Behatokiaren misioa da Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-sistemaren jarraipena egitea eta Estatuan eta Europan dauden joerak atzematea. Terminologia modernoan esaten den bezala, retail sektorearen jarraipena egiten duen EAEko erakunde publikoa da.


Zenbait tresna eskaintzen ditu webguneak. Esate baterako, EMA edo Euskadiko Merkataritza-banaketaren Adimen-monitorea hainbat grafiko, datu eta estatistikaren biltegi bat da (datuak bakarrik gaztelaniaz erakusten dira). Esate baterako, bi grafiko hauetan merkataritza elektronikoko datu bat, EAEko zenbat enpresek saltzen dute zerbait online:



Beste adierazle batzuk Excel erako datutegietan dauzkate, hala nola enplegu datuak, edo "konfiantza adierazleak" deitzen dituztenak, zeinak Ikerketa Soziologikoen Zentroak (ISZ), Nafarroa eta EAEko Aurrezki Kutxen Federazioak (NEAKF) eta Euskongaberek argitaratutako kontsumitzaileen konfiantzaren adierazleen bildumak diren.

Datuez gain, buletin bat ere argitaratzen dute, Enfoka-Trends, zeinaren azken hiru aleak webgunean dauden.

Enfokamer webgunea Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren ardurapekoa da. Irekia albistegian argitaratu denez, "azken hilabeteetan, hausnarketa sakona egin da euskal merkataritzaren sektoreari eskaintzen zaion estatistika- eta joera-informazioari buruz eta hura erabakiak hartzea ahalbidetzen duten tresnei buruz. Egoitza digital berria lanaren emaitza da, eta datozen asteetan, gainera, material eta eduki berriak txertatzen joango dira bertan."

Erantzun

Sartu