Gaur hasi da argitaratzen Nós galizierazko egunkaria (galizieraz, Gu). Asteartetik larunbatera paperean argitaratuko da, eta Nosdiario.gal edizio digitalean egunero berrituko da. 3.000 harpidetza lorturik, hori da bere biziraupenerako gako nagusia. Baina 2.400 salmenta puntutan ere egongo da Galizian, 1.50 euroko prezioan. María Obelleiro kazetaria da zuzendaria.
Egunkaria jaio da Sermos Galiza aldizkariaren ahaleginetik. Bi urtez harpidetzak eta bazkidetzak lotzen egin dute lan batik bat, eta aldizkariaren domeinua bera ordezkatu du orain Nós egunkariarenak. Egunkariarekin, larunbateko edizioetan egongo den asteburuko gehigarriak izango du orain Sermos Galizia izena, eta egun horretan 3 euroan salduko da kioskoetan. 32 orriko aldizkari bat izango da gehigarri hori, eta egunkariaren gainerako egunetako 32 orriei gehituko zaie.
Harpidetza prezioa hileko 20 eurokoa da. Erredakzio talde konpakto batekin jaio da egunkaria: 12 kazetari, bi maketatzailea, argazkilaria, zuzendaria eta zuzendariordea.
Lerro independentea izango du Nós egunkariak, bere zuzendariaren arabera (irakurri elkarrizketa Berrian). Agenda progresista baten inguruan definitu dute beraien egitekoa (feminismoak, ekologismoa, diaspora, gizarte mugimenduak, eskubide zibilak, kultura, hizkuntza...), eta kritiko ageri dira Galiziako Gobernuak komunikabideekiko duen politikarekin: " Agintarien sokako komunikabideak saritzen dituzte, eta komunikabide gutxi batzuek jasotzen dituzte laguntza gehienak". PP alderdia dago agintean Galizian eta Alberto Núñez Feijóo da presidentea, Alberto Núñez Feixoo galizieraz Nós-ek idazten duten bezala.
Erantzun
Sartu