Teknologia albisteak

Nor dira lider britainiarren ondoan agertzen diren frikiak?

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-12-13 : 09:34

Boris Johnson lehen ministro kontserbatzaileak Erresuma Batuko hauteskundeak irabazi ditu. Toriek gehiengo osoa dute Brexit azkar baten alde egin ahal izateko. Gaueko irudietan fijatu bazarete, ordea, Johnson jende arraro batzuez inguratua ageri da bart gaueko ospakizunetan. Erresuma Batuko sistema parlamentario bitxiaren ondorioetako bat da.

House of Commons parlamentuan eserlekuak banakoak dira, barrutien arabera. Barruti bakoitzean lehia banakakoa da eta hautagai independenteak aurkezteko baldintzak oso lausoak dira: erraza da zure burua aurkeztea. Hauteskundeen gauean, barruti bakoitzeko emaitzak ekitaldi publiko ofizial batean jakinarazten dira. Funtzionario publiko batek jakinarazten du emaitza, eta taula gainean hautagai guztiek dute egoteko eskubidea, ohikoa delarik irabazleak hitz batzuk zuzentzea.

Sistema honen ondorioz, lider nagusiak aurkezten diren barrutietan, pertsonaia xelebre batzuek ere aurkezteko ohitura izan ohi dute. Hautagai hauetako batzuk tradizioa duen Official Monster Raving Loony Party delakoarekin aurkezten dira, Munstro Erabat Lunatikoen Alderdi Ofizialarekin, baina beste batzuk independenteak dira.

Boris Johnsonen Uxbridge barruti londrestar nahiko aberatsean, zenbait hautagai berezi aurkeztu dira. Goiko argazkian Bobby Elmo Smith ageri da, Elmo kopìnaren jantziarekin (8 boto) eta Count Binface (Zakarrontzimusu Kondea, 69 boto). Haien aurretik geratu da Lord Buckethead (Kuboburu Jauna, 125 boto, Loony Party ofizialekoa, beheko irudian Binfaceren aurretik kanpaina egiten). Aurkezten zen beste bat Yace "Interplanetary Time Lord" Yogenstein izan da, Denboraren Jaun Planetartekoa.

Jeremy Corbyn laborista galtzailearen barrutian ere agertu da hautagai bitxi bat. Baina bakarra, nonbait. Zeinu argi bat izango zen Boris faborito zela. Corbynek bere barrutian irabazi du, baina laboristen galera handia da eta berriz ez dela aurkeztuko aurreratu du. Bere barrutiko hautagai bitxia Looney Partyko Nick The Brick izan da, Nick Adreilua, nahiz eta ez den adreiluz jantzi zeremoniarako.

Hauteskunde hauetan gertatu diren beste gauza batzuk:

  • Galesen Plaid Cymru alderdi nazionalistak zuezkan lau eserlekuei eutsi die, baina nazioa nagusiki kontserbatzaile eta Brexit-zale gisa azaldu da.
  • Eskozian SNP alderdi independentziazaleak garaipen argi bat lortu du, eta independentziarako bigarren erreferendumaren alde egingo dutela iragarri du. Johnsonek esana du ez duela baimenduko errefendum hori.
  • Ipar Belfast barrutian, DUP alderdi unionistak betidanik zeukan eserlekua galdu du Sinn Fein errepublikarraren alde. Lehia aurreikusia zegoen eta UUP beste alderdi unionistak bere hautagaia erretiratu zuen unionismoak galdu ez zezan, baina katolikoen alderdi moderatuak, SDLPk, antzekoa egin zuen Sinn Feinen alde, eta azkenean hauek irabazi garaipen historiko batean.
  • Liberal Demokraten lider berruiak, Jo Swinsonek, huts egin du. Brexit-a ebitatzeko politika argi bat zuen alderdi brittish bakarrak huts egin du, eta gainera eserlekua ere galdu du Swinsonek, Eskozian, SNP 170 botogatik aurreratu baitzaio.

 

 

Erantzun

Sartu