Teknologia albisteak
1

Diseinu grafikoaren glosarioa, euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-12-10 : 11:56

Diseinu grafikoaren glosarioa aurkeztu zuten Durangoko Azokan bere sortzaileek, Alaiondo diseinu estudioak eta Donostiako Usandizaga ikasteteko LH-ko Diseinu alorrak. DiseinuGrafikoarenGlosarioa.eus webguneaz gain, liburuxka bat ere argitaratu dute paperean, fanzine deitu izan diotena.

Lau alorretako terminologia arakatu eta euskaratu dute:

  • tipografia
  • ikus identitatea
  • arte grafikoak (inprenta eta produktu inprimatuen mundua)
  • eta sarea, Interneteko web diseinua eta sare sozialetako terminologia kontuan harturik.

Azken alor horretan, online edo linean sinonimo gisa agertzen zaizkigu, eta beste hainbat termino, hala nola, leiho gainerakor (pop up window), mugikorrak lehenengo esamoldea edo interfaze, azken -e hori berezkoa duela.

Webgunea osatzeko fasean daude oraindik. Tipografia alorreko Sans serif terminorako, adibidez, erremategabe eta soil aldaerak proposatzen ditu glosarioak, baina serif / sans serif bereizketa jakiteko, adibide grafiko batek lagunduko du batez ere, eta adibide horien osaketan ari dira orain glosarioaren bultzatzaileak.

Proiektua iazko Euskaraldian abiatu zen, hausnarketa egin baitzuten Usandizagan nola eragin zezaketen euskararen alde. Alaiondo estudioko bi diseinatzaileak Usandizagako ikasle izandakoak dira, eta ideia hartatik eta harrezkero egindako elkarlanetik sortu da proiektua. Hemen azalpen luzeago bat prozesuaz, eta liburuxkak duen itxuraz.

Webguneari dagokionez, bisitatu DiseinuGrafikoarenGlosarioa.eus.

Erantzunak

2019-12-12 : 12:38

Oso aberasgarria izan da @AlaiOndoStudioa rekin egindako elkarlan hau. Azpalditik genuen hau egitearen beharra diseinuaren ikasketa eta praktika profesionalaren aldetik. Eskerrik asko aipamena @Sustatu

Erantzun

Sartu