Teknologia albisteak

Kanaldude eta Ttap, Rikardo Arregi sarietan irabazleak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-11-29 : 08:45

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 31. edizioan, Kazetaritza saria irabazi du Kanaldude tokiko telebistak Hurbiletik programagatik. Ttap aldizkari digitalak Komunikazioa saria irabazi du, eta Iñaki Elorza Txapas kazetariari ohorezko aipamena eman dio epaimahaiak. Atzo banatu zituzten sariak Andoainen egindako ekitaldian.

Sarien 31. edizioa izan zen atzokoa, eta iaz hamar mugarrik sari honorifikoa jaso ondoren, atzo etapa berri bati ekin zitzaion, hain zuzen ere Rikardo Arregi zenaren heriotzaren 50. urteurrena bete zen egunean. Haren testuen aipamenekin eta musikarekin, ekitaldia kolore berezia izan zuen, eta horrelaxe iragarri zen aurrerantzean, datozen urteetan bederen, bi sari emango direla, Kazetaritzakoa (klasikoa), eta Komunikazioarena (berriagoa, nolabait), esparru honetan euskararen inguruko berrikuntza handia delarik. Bi sari hauek estreinatu diren lehen edizio honetan, Ttap eta Kanaldude irabazleek 9.000 euro eraman dituzte bakoitzak.

Surtengo edizioaren epaimahaia osatu dute Mikel Arregik (Rikardo zenaren anaia eta Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna), Jose Inazio Basterretxea eta Elixabete Larrinaga EHUko irakasleek, Itxaro Borda eta Aingeru Epaltza idazleek, Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko irakasle eta komunikazio adituak, Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko Komunikazio irakasleak eta Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasleak,

Irabazleez gain, oroigarria jaso zuten finalistek: Ana Galarraga, Miel Anjel Elustondo eta Jon Artano kazetariek kazetaritza alorrean; eta komunikaziokoan Egunean Behin jokoak, Korrikaren Klika kanpainak eta Oier Aranzabal kazetariaren Barruan Gaude elkarrizketa podcast-ak.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu