Teknologia albisteak

Tanta egitasmoa, zozketa bat ikastolen jaien aldetik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-11-27 : 10:54

Euskal Herriko ikastolei beren proiektuak aurrera ateratzen laguntzeko Tanta egitasmoa aurkeztu dute Ikastolen Elkarteko eta ikastolen aldeko jaietako ordezkariek.

Tanta txartelak erosita, herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari, txartel bakoitzeko. Trukean, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute ekarpena egiten dutenek.

Taata egitasmoa ikastolen jaien ekimenez sortu da. Jaiok finantzatzeko, egunean bertan eta urtean zehar diru sarrerak lortzeko bideak irekitzen dira (arropa salmenta, txosnak, tonbola, sarrerako kutxak, kultur eta kirol ikuskizunak…). Baliabide horietako bat zozketa izan da. Jai bakoitzak bere zozketa antolatzen du; dirua, auto bat, bidaia bat… gauza desberdinak zotz egiten dituzte. Helburua bera izanik ­–jaien autofinantzaketa–, bost zozketa horiek egin beharrean, ikastolen jaiek elkartasun txartelak egitea erabaki dute, eta Tanta sortu dute.

Hain zuzen ere, ezaguna da ikastolen jaien eredua ere aldatzeko pausuak eman direla, eta Gipuzkoako Kilometroak eraldatzear dela, tokiko jai erraldoiaren eredutik eboluzionatuz.

TANTA txartelak abendutik aurrera egongo dira eskuragarri ikastoletan eta ekimenarekin bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan. 60.000 euroko sariaren zozketa ekainaren 25ean egingo dute, notario aurrean.

Informazio gehiago hemen.

Erantzun

Sartu