Teknologia albisteak

Sarerako Kontratua, Tim Berners-Leek denoi proposatzen dizkigun egitekoak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-11-26 : 10:30

Interneteko WWW, web edo amaraunaren asmatzaileak, Tim Berners-Leek, Sarerako Kontratua (Contract for the Web) deritzon ekimena aurkeztu du. Sarearen potentzial positiboa hainbat faktorek arriskuan jartzen duela uste du Berners-Leek. Kontratuaren helburua da manipulazio politikoa, fake news bezalako fenomenoak, pribatutasunaren haustura eta jazarpena bezalako joerei aurre egitea.

Kontratua publiko egin aurretik, hainbat erakunderen babesa bilatu izan du Berners-Leek. Batzuk askatasun digitalen aldeko elkarteak dira, hala nola Electronic Free Foundation delakoa. Baina beste batzuk, Facebook edo Google bezala, jopuntuan jarri dituzte hainbatek indar monopolistikoen bidez Interneten irekitasuna kaltetzen dutelakoan.

Kontratuak bederatzi "printzipio" proposatzen ditu, hiruna gobernuentzat, enpresentzat eta norbanako edo herritarrentzat. Bakoitzak bere konpromiso edo printzipioari eusten badio, suposa liteke Internet onuragarri baten alde egingo dugula.

Printzipio bakoitza eta webgune nagusia, garatua dago lau hizkuntzatan (gaztelania eta frantsesa barne). Hemen zortzigarrena, adibide gisa. Guk bederatzien izenburu edo enuntziazioa euskaratu dugu, "kanonikoak" izateko gogorik gabe. Izatez, zalantza dugu kontratuaren izenarekin ere: Amaraunerako Kontratua edo Sarerako Kontratua? Tira, horra kontratuaren oinarriak:

Gobernuentzako egitekoak:

  • 1. printzipioa: Denek Internetera konexioa dutela ziurtatu.
  • 2. printzipioa: Internet osoa irekita izan, etengabe.
  • 3. printzipioa: Errespetatu eta babestu jendearen datuak eta pribatutasuna, eskubide funtsezko hori.

Enpresentzako egitekoak:

  • 4. printzipioa: Internet erabilterraz eta merkea izan dadila ekin.
  • 5. printzipioa: jendearen datuak eta pribatutasuna errespetatu eta babestu, sarean konfiantza handitzeko.
  • 6. printzipioa: Gizateriaren alde onak indartzen, eta alde okerrak murrizten, dituzten teknologiak garatu.

Herritarrontzako egitekoak:

  • 7. printzipioa: Izan sortzaile eta kolaboratzaile amaraunean.
  • 8. printzipioa: Komunitate indartsuak sortu, giza duintasuna eta diskurtso errespetuzkoak landuko dituztenak.
  • 9. printzipioa: Amaraunaren alde egin borroka.

Erantzun

Sartu