Teknologia albisteak

Zut aurkeztu dute, gazteentzako aldizkari-aplikazioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-11-21 : 16:08

Gazteentzako aldizkari digitala jaio da gaur: ZUT. Gaztezulo agerkariaren eta tokiko hedabideen multzo batek bultzatua, Ttap aplikazioaren ereduan oinarritzen da, hau berori Esguard proiektu katalanean oinarritzen zen bezala (Esguard izena ere agertzen da Zut-en bultzatzaileen artean). Zut-en lehen zenbakia aurkeztu dute gaur Donostiako Tabakalerako 2deo aretoan, eta bere baitan dakar 2deo laborategian landu den proiektuetako bat: IXA ikus-entzunezko serial euskarazko berria.

Android eta iOS sistema eragileetarako dago prest Zut:

Aplikazioa mugikorrean duzularik, ale bakoitza jaitsi egin behar da. 1. alea da gaur jarri dutena, eta bere edukia nagusiki bideo bertikalek osatzen dute. Tik-Tok aplikazioa erabiliz euskal kantu baten bideoa eginez lehiaketa bat ere proposatzen da. Testu gutxi dago, ordea, nahita.

Gaurko aurkezpenean zera adierazi du Josu Bilbao Zut-eko arduradunak: "Gazteek gaur egun edukiak kontsumitzeko duten joerari egiten dio keinu, eta mugikorra ZUTik mantentzeari, formatu horizontalera biratu gabe. Testu gutxi eta irudi eta bideo asko. Interakzioa bilatzen dugu. Gazteen parte hartzea ezinbestekoa da; kontsumitzaile aktiboak izatea nahi dugu".

IXA web-sailari dagokionez, proiektu hau independenteki garatu izan da azken hilabeteotan 2deo laborategian, baina azkenean, publikora salto egiteko orduan, aplikazio propioa sortu edo beste bide batzuetatik jo barik, erabaki dute Zut-en integratzea.Hortaz IXA web-sail edo ikus-entzunezko honen lehen kapitulua ere gaur sarean jarri dute, zazpi minutuko lehen atala dago Zut-en ikusgai.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu