Durangoko Azokako 2019ko Kabia atal digitalak badu jada egitaraua
Durangoko Azokaren barruan izaten den Kabia teknologien atalak badu jada aurtengo egitaraua, Azokaren 54. ediziokoa (aurten abenduaren 5etik 8ra izango da).
Ostegun goiza, abenduak 5, ikasleen goiza izango da, eta tailer praktiko batzuk izango dira Kabian: MOON, konputagailu baten funtzionamendua ulertzeko mahai jolasarekin arituko dira ikasleak, Pablo Garaizar Deustuko Unibertsitateko irakaslearekin. Moon, izatez, mahai joko analogikoa da! (ilustraziorako, irudia joko honena hartu dugu).
Ostegun arratsaldea osatuko da beste bi aurkezpenekin:
- ZUT aldizkari digital multimediaren aurkezpena, zeinean IXA izeneko websaila sartuko den. Bideo bertikaleko episodioekin osatutako euskarazko fikzioa gazteentzat da IXA.
- Hirikilabs: Donostian Tabakalera zentroaren barruan garatu den "Hiri laborategiaren" aurkezpena.
Ostirala, abenduak 6, osorik Gamer eguna izango da Kabian. Bideojokoen zaletu euskaldunen eguna, Game Erauntsiako lagunek koordinatua.
Larunbata eta igandea osatuko dira aurkezpen desberdinekin:
- Gure ondarea Wikidata eta Txikipediaren zurrunbiloan. Euskarazko Wikipediaren proiektu osagarriak, Iñaki Lopez de Luzuriaga Euskal Wikilarien Elkarteko lagunak aurkeztua, 7an, goizez.
- 7an, arratsaldez, AtopiaRPG - Rolcast (zuzeneko rol partida + podcasta, zuzeneko irratsaioa), Xabier Landabidearekin. Hain zuzen ere, iazko Azokaren Sormen Beka irabazi zuen Atopia euskarazko rol jokoaren proiektuak, eta hementxe da emaitza urtebete geroago.
- BuruTek: Burujabetza teknologiakoa Euskal Herrian: aurkezpena, hitzaldia, bilkura. Koordinatzailea, Dabid Martinez. Abenduak 8, goizez.
- 8an, arratsaldez, 16.30etan. Diseinu Grafikoaren Glosarioaren aurkezpena.
- 8an, arratsaldez, 17.00etan. Egunean Behin mugikorrerako jokoaren arrakastaren aurkezpen bat, CodeSyntax jokoaren sortzaileekin.
Kabiako zikloa ixteko, igandean (abenduak 8), show txiki bat 18.00etan, Lorea Argarate eta Ines Osinagaren proiektu berriarekin: Mauriziak ez du inor hil.
Erantzunak kargatzen...