Teknologia albisteak

Mona Chalabi kazetariaren grafiko informatibo zoragarriak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-11-18 : 12:13

Infografiak edo datu informatiboak modu grafikoan erakusteko joera 21. mendeko kazetaritzaren parte da. Datuak albistearen funtsa nagusia direnean, informazioaren muina ere eurek betetzen dute (hala nola hauteskundeetan, adibide honetan bezala). Mona Chalabi New York-eko kazetariak badaki hori, eta datu-kazetaritzarako duen zaletasuna bere beste gaitasun batekin lotu du (ilustratzaile bikaina baita), indar eta erakarmen izugarria duten grafikoak sortzeko.

Hona adibide bat, Amazonen irabaziak eta ordaintzen dituen zergak. Grafikoki ez du konplikazio handirik, bakarrik logoaren irribarrearen norabidea, baina aski argigarria da.

Grafikoki materialekin ere esperimentatzen du batzuetan. Honako honetan, beste soldata konparazio bat AEBetako lan merkatukoa. Dolarra irabazten badu gizon zuriak, gero datozenak dira, ordenean: gizon asiarrak, emakume asiarrak, emakume zuriak, gizon beltzak, gizon natibo amerikarrak, emakume beltzak, gizon hispanikoak, emakume natibo amerikarrak eta azkenak mailaketan emakume hispanikoak.

 

Normalean ikuspegi aurrerakoi edo ezkertiar batekin begiratzen die gaiei Chalabik. Honako honetan, AEBetako soldata ertainak orduko azalaren kolorearen arabera. Mailan goren, azal zuriduna dago, gero datoz azal argiak, erdi-erdizkakoak eta azal ilunekoak azpian.

Europako eskuin-muturreko alderdien portzentaia hauteskunde parlamentarioetan. Hor dago Le Penen FN baina ez da ageri Vox, lehenagokoa baita irudia, baina %15arekin Hungariaren Jobbik-en pare dagoela pentsatu:

Batzuetan, konparazio bat barik, datu bat ematea da koxka, hala nola honetan (kasuen %70ean, sexu jazarpena ez da salatzen):

Edo beste hau non, generorik gabeko hizkuntzen artean euskara aipa zezakeen, baina ai, ez zekien edo pasatu egin zaio!

Mona Chalabi hobeto ezagutzeko, bere Instagrameko jarioa, bere webgunea, eta elkarrizketa bat Medium-en.

Erantzun

Sartu