Teknologia albisteak

Euskarazko esaldi batzuk zuzenak ote diren determinatu (tesi baterako laguntza)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-29 : 09:07

Euskara lehen hizkuntza edo ama hizkuntza baduzu, galdetegi bat betetzeko eskertuko dizute hizkuntzalari batzuek, ikerketa lan baterako. 15 edo 20 minutu beharko dituzula kontuan izan, badaezpada. "Denetarik dago eta ez da azterketa bat!", ohartarazi digu Itziar Laka hizkuntzalariak, Gogo Elebiduna ikertaldean tesi bat zuzentzen ari den irakasleak. Hemen dago galdetegia.

Berriki publizitatu ditugun beste galdetegi batzuen kasuan bezala, orain ere tesi batean laguntzea da koxka. Sergio López-Sancio ikertzailea eta tesiaren zuzendari Itziar Laka, prozesamenduan erabiltzen behar ditugun baliabide kognitiboen mugek hizkuntzaren forma eta erabilerari nola eragiten dioten aztertzen dabiltza, gaztelania bezalako hizkuntzak eta euskara bezalako hizkuntzak konparatuaz. "Gure ikerketak egiteko, nahitaezkoa da egiazko hiztunen iritzietan oinarritzea gure lana. Asko eskertuko dizuegu galdetegi honi erantzuteko minutu batzuk hartuko bazenitu", esan digu Itziar Lakak.

Esaldi batzuk ikusiko dituzu testean. Luze samarrak dira batzuk, hartu beraz denbora aztertzeko, nahita subjektu eta aditzak aparte samar ere suertatu baitaitezke... 1etik 7rako eskalan baloratu behar dituzu esaldiok, guztiz onartezinetik (1, ezkerrean), guztiz onargarrira (7, eskumatan). Ez dago paso egiterik. Adibideko irudian dauden mantxa gorriak esaldi batekin aurrez prestatua ez zaitezen egon jarri ditugu: ez dago halako tatxoirik esaldietan, osorik daude, eta beraien onargarritasun gramatikalaz zure iritzia ematea da koxka.

Gogo Elebiduna EHUko ikerketa taldean, "hizkuntza nola irudikatu eta prozesatzen den ikertzen dugu", adierazi digu Lakak. Gehien bat Euskara-Gaztelera elebidunak aztertzen ditugu, teknika esperimentalak erabiliaz: jokabidezkoak (erantzute-denbora neurtzen dutenak), elektrofisiologikoak (Gertaerei Loturiko Potentzialak) eta begi-mugimenduak kontrolatzen dituztenak (eye-tracking).

Hartu arnasa, denbora tartetxo bat, eta ekin galdetegiari, eskerrik asko.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu