Teknologia albisteak

Kronika.eus, Urumea bailarako Interneteko albistegia, eguneratu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-25 : 11:45

Joan zen astelehenean sareratu zen Kronika.eus berritua, Urumea bailarako albisteak biltzen dituen hedabidea. Kronikarekin burutzen da Tokikom Elkarteko hedabideek azken urtean izandako berrikuntza prozesua, urte betean 20 tokiko hedabideren webguneak eraberritu baitira, Tokikomek eta Codesyntaxek elkarlanean garatu duten web-plataformari esker.

Hernani, Astigarraga, Goizueta, Ereñotzu eta Aranoko albisteak argitaratzen ditu Kronikak. Paperezko edizioa argitaratzen du egunero, astekaria ere kaleratzen du, eta bere interneteko presentzia Kronika.eus webgunearen bitartez egiten. Kronikak berak aipatu duenez, hemendik aurrera irakurleei eta multimediari protagonismo gehiago eman nahi diete, eta helburu horiek lortzeko aukera eskaintzen die plataformak. 

Batetik, egungo komunikazio-ereduetan gero eta garrantzitsuagoa den ikusentzunezko materialak askoz indar handiagoa hartuko du aurrerantzean Kronikan, ar­gazki-galerien eta bideoen kopurua igoz. Bestalde, Kronikaren inguruan Komunitate sendo bat osatu nahi dute, herritar eta elkarteena, zeintzuek irakurle huts izatetik parte-hartzaile izatera gonbidatzen dituzten Kronikako Komunitatean parte hartuz, iruzkinak eginez, iritziak idatziz, artikuluak argitaratuz edota agenda bateratu bat osatzeko urratsak emanez. 

Tokiko komunikabideak biltzen dituen elkartea da Tokikom. Euskal Herriko 60 hedabide inguru biltzen ditu bere baitan, tokiko telebista, irrati eta aldizkariak. Hedabide guzti horiei Interneterako irtenbide teknologiko egoki bat emateko asmoz, Tokikom Plataforma garatu zuten Codesyntaxek eta Tokikomek elkarlanean 2013. urtean, eta 2018an Plataforma hori goitik behera aldatu dute Interneteko komunikazioak dituen behar berrietara egokitzeko.

Orain dela urte bete abiatu zuten eguneratze prozesua, Goiena.eus berrituarekin, eta harrezkero beste 19 tokiko hedabide etorri dira Plataforma berrira. Hernaniko Kronika.eus izan da urte beteko prozesu horri amaiera eman dion hedabidea.

Prozesuaren erronka nagusia 20 hedabide horiek dituzten behar ezberdinetara egokitzea izan da. Izan ere, badira herri mailakoak, eskualdekoak eta herrialde mailakoak; badira hedabide txikiak, eta badira erraldoiak; badira irratia dutenak eta badira telebista dutenak; badira... Hortaz, irtenbide bateratu bat behar zen, baina baita malgua ere, hedabide bakoitzak bere beharrak dituelako eta berezitasun horiek aintzat hartu behar zirelako.

Lehenengo fase batean lehendik ere Tokikom Plataformaren bertsio zaharra zerabilten 15 hedabide ekarri ziren, 2019ko hasierarako. Ondoren, beste 3 hedabide berrik ere egin zuten bat plataformarekin, Aiurri, Txintxarri eta Noaua. Udaberrian Hiruka.eus hedabidearen txanda izan zen, eta aste honetan Kronikaren txanda izan da. Guztira, 20 hedabide berri(tu) urte betean. 

Aldaketa nagusiak

CodeSyntaxek eta Tokikomek aipatu dutenez. Plataforma Bateratu berrian egin diren aldaketa edo garapen interesgarrienak honakoak izan dira:

  • Mugikorrak lehenesteko egokitutako diseinua.
  • Multimedia edukiaren karga eta bisualizazioa azkartu egin da.
  • Online publizitateko azken estandarrak ere txertatu dira diseinuan.
  • Orrialdeen karga arintzeko aldaketa teknikoak ere egin dira, eta diseinua garbitu, bateratu, eta sinplifikatu.
  • Administrazio gunean ere aldaketak handiak egin dira, kazetariei errazteko albisteak mugikorretik zuzenean argitaratu ahal izatea.
  • Egitura modularra, komunikabide bakoitzak askatasun gehiago izateko bere webgunearen diseinua aldatu eta egokitzeko, teknikarien laguntzarik gabe
  • Azpiegitura tekniko bateratua, berrikuntzak eta eraldaketa teknikoak errazteko.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago