Teknologia albisteak

Naturklima, ekimen gipuzkoar bat jardunaldi polemiko batez hasiko dena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-21 : 08:19

Datorren urriaren 23 eta 24an egingo da Donostian Naturklima jardunaldia, Gipuzkoa Klimaren Alde goiburuarekin. Jardunaldia Donostiako Aquariumean izango da asteazkeneko iluntzean eta ostegunean egun osoz. Aldi berean, jardunaldia Naturklima fundazioaren "jendaurreko aurkezpena" izango da, eta horren aurkako protesta antolatu da.

Naturklimaren helburuak dira, bere babesle nagusi den Gipuzkoako Foru Aldundiaren aburuz, honako hauek:

  • Berotze globalari aurre egitea.
  • Ekonomia zirkularra sustatzea.

Foru Aldundiaren iritziz, insititu edo fundazio berriak, "ekonomia berdearen testuinguruan trantsizio sozio-ekologikoaren prozesua bizkortzeko balioko du".

Jardunaldiari dagokionez, hauxe da egitaraua:

Urriak 23, asteazkena

  • 19.00, klima-aldaketaren gakoak. Jesús Linares (Fisika kuantikoan doktore, Max Plank Institutukoa); Luis Balairón (Espainiako AEMET-eko klima aldaketaren analisi programaren zuzendari ohia); Jacob Petrus (dibulgatzailea)
  • 20.00. Eztabaida irekia.

Urriak 24, osteguna. Klima-aldaketa, beste enpresa-ikuspegi bat.

  • 9.20. Berriro Jesús Linares eta Luis Balairón, eta María Garayo (Argo Capital Partners).
  • 11.00. Atsedenaldia.
  • 11.30. Iker Arteagabeitia (Kutxabank).
  • 12.00. Jardunbide egokiak enpresa-sektorean. Endika Rodriguez (Schaeffler Iberia).
  • 12.30. Mahai-ingurua.
  • 13.30. Itxiera.

Jardunaldi honen aurrrean, protesta antolatu duena, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua da. Salatu dutenez jardunaldien ikuspegia batez ere “enpresariala” okerra da. “Hizlari moduan banku eta multinazionaletako ordezkariak ariko dira. Larrialdi ekologiko larri honetara eraman gaituen kapitalismo basatiak krisia berarekin negozioa egiten jarraitu nahi du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin”. Era berean, Erraustegia egiteko egitasmoaren "hipokresiarekin" lotzen dute Naturklima, “Urteko 200 000 tona CO2 baino gehiago eta ehunka mila kilo nitrogeno oxido atmosferara isuriko duen erraustegia pizteko bezperetan, klimaren alde ari direla adierazten dutelako”.

Horregatik, elkarretaratzea deitu dute jardunaldiaren hasierarako, asteazkenean Aquariumaren aurrean, 18:30ean.

 

Erantzun

Sartu