Teknologia albisteak

Rome2Rio, garraio publikoko bidaiak bilatzeko tresna on bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-21 : 09:02

Rome2Rio mapa bilaketako aplikazio bat da, bi punturen arteko garraio publikoko aukerak eskaintzen dizuna. Bidaia luzeetarako aukerak bilatzeko tresnekin antza du (hala nola Expedia edo Orbitz), baina azkartasun eta erraztasun handia eskaintzen du, eta eskala txikian ere ondo dabilela ematen du, Euskal Herriko bi punturen arteko bilaketek aditzera ematen digutenez.

Goiko irudian, Eibar eta Zeanuri arteko aukerak. Garraio publikokoak bi, tren eta autobusarekin, eta bestela autoz, taxiz edo zure kasa.

Bilaketa oso arina du, eta URL bidez ere eraiki daitezke bilaketak. Baita euskarazko toki-izenekin; horra Tutetarik Zeanurira joateko helbidea:

https://www.rome2rio.com/map/Tutera/Zeanuri

Urrutirako ere balio du. Hona bilaketa bat egin duguna Eibartik Vladivostokera. 24 orduan hegaldi batzuekin bertan egon gaitezke, baina alboko menuko aukeretan, trenez bertaraino iristeko aukera ere hor dugu; Trans-siberiarra erabiliz, 8 egunen buruan egon gaitezke Errusiako Pazifikoko muturrean. Tarte bakoitzaren iraupenak eta kostoaren hurbilpen bat ematen dizu webguneak.

Eskala laburretan ere funtzionatzen duela dirudi, hiri batean. Bilbon Miribilla pilotalekutik Sarrikoko unibertsitate kanpuserako bideak galdetu ditugu, eta agertu zaizkigu aukerak:

Rome2Rio izenak esan nahi du "Erromatik Riora" (De Janeirora, suposatzen dugunez), eta Australiako ekintzaile batzuek sortu zuten 2011n. Bere negozio eredua bilaketen bidez hotelak eta egonaldiak saltzea da, eta baita bidaiarako tiketak berak, bereziki tren-konpainia batzuekin akordioak dituztelako. Horien artean omen dago Renfe espainola, eta diotenez honen webgunetik gauzak egitea oso zaila denez, ba egin aproba akaso Rome2Rio honek trenbide sare espainiar horretan ibili behar baduzu.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago