Kabia 2019: Durangon ezer aurkeztu nahi baduzu, egin eskaera orain
Durangoko Azokaren plaza digitalean, Kabia delakoan, ideia, proiektu edo proposamen bat aurkezteko epea datorren astelehenean, urriak 14, amaitzen da. Azokaren azken eguna, abenduaren 8a, ekimen eta egitasmo digitalen aurkezpenerako tarte librea izango da, eta denon esku dago hori betetzea.
20 minutuko ekitaldietarako denbora gomendatzen da, pixkat luzatu daitezkeen arren. Antolakuntza prest omen dago aurreko egunetarako tarterik ere kontuan hartzeko.
Izena emateko, hemendik bidali eskaera. Irudi adierazgarri bat beharko duzu, eta proposamenaren azalpena euskaraz zein gaztelaniaz. Izan ere, aukeratzekotan, egitarauan ere inprimatuko da zure proposamena.
Iazko edizioan aurkeztu ziren proiektuetako batzuk (ideia bat izan dezazuen):
- Kultur Sharea agerkari digitala.
- Mastodon.eus eta Mastodon.jalgi.eus, sare sozial dezentralizatua.
- Artizarra sare soziala, UEUren eskutik.
- Enseiukarrean aldizkaria
- Izarkom telekomunikazioetarako zerbitzua.
- Itsulapikoa.eus crowdfunding plataforma euskalduna.
- Minecraft zerbitzari euskalduna, Game Erauntsiaren eskutik.
Artikulu hau ilustratzeko erabili duguna, azken aurkezpen horretako irudi bat.
Erantzunak kargatzen...