Teknologia albisteak

Erreklamatzeko bide bat, baimenik gabe zure irudi desegokiak zabaldu badira sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-05 : 08:56

Espainiako datu-babeserako agentziak, AEPDk "lehentasunezko kanal" bat jarri du martxan, baimenik gabeko eduki sexualak edo erasoak erakusten dituzten audioak, irudiak edo bideoak Internetetik kentzeko eskatzeko.

Bide berri honetatik sartzen diren erreklamazioak AEPD agentziako ikuskatzaileen "kasu zerrendan" aurreratu egiten dira, eta berehala aztertzeko aukera ematen du. Hego Euskal Herriko herritarrentzako aukera bat, baina sistema bakarrik gaztelaniaz dagoela ematen du.

Agentziaren eta Interneteko web hornitzaileen arteko mekanismo zuzen bat ere ezarri omen da, eta ez du epaile baten baimenik edo Poliziaren esku hartzerik beharko. Salatutako edukiak saretik kendu behar direla erabakitzen badu Agentziak, premiazko administrazio-agindu bat helaraziko die sare sozialak dituzten enpresei eta eduki-hornitzaileei, eta enpresek erantzun egin beharko dute.

Delako kanal honek bideak laburtzen dituen arren, kasua ondo dokumentatua eduki behar duzu konektatu aurretik. Irudiak Interneten zabaltzen ari badira, kopiatu eta itsatsi behar dituzu helbideak, eta garbi identifikatu zein profil sozialetatik zabaltzen ari den. Pantaila-irudiak ateratzea ere gomendatzen dute. Eta baita ere AEPD agentziara jo aurretik, kontakturik egin ote duzun enpresa-hornitzaileekin (irudiak Twitterren badaude, Twitterrekin, adibidez).

Datuak eta dokumentazioa kargatuz gero, Cl@ave identifikazio sistema espainolaren bidez beharko duzu baieztatu, eta hori ez baduzu, aukera dago materiala paperean inprimatu eta Madrilgo helbide batera bidaltzeko.

Erantzun

Sartu