2020ko gizonezkoen futbol selekzioen Eurokopa berezia izango da: herrialde jakin batean jokatu ordez, 12 hiritan izango da, eta horietako bat Bilbo izango da. Bilbon jokatuko diren partidetarako, eskaintza zehatz bat zabaldu dela jakin dugu: "UEFAk eta CAFEk, Athletic Clubaren bitartez, Euro2020-n komentarista audio-deskribatzaile bezala parte hartzeko proposatzen dizute". Athletic-ek baieztatu du euskaraz eta gaztelaniaz aritzeko deialdi bat dela. Izena-emateko epea irekita dago. Baina adi, boluntario jarduteko da.
UEFA da futbol federazio antolatzailea, eta CAFE (Centre for Access to Football in Europe delakoa), futbol inklusiboaren aldeko erakunde bat da. Ez bakarrik antolatzen ditu lehiaketak eta futbolaren praktika era bateko zein besteko gaitasun-aniztasuna dutenentzat; ikusleentzat ere esperientzia inklusiboa garatu nahi dute.
Kasu honetan, Eurokopako estadioetara doazen ikusleen kasuan, itsuen eta ikuspen arazoek dutenek aurikularrak jaso ahal izango dituzte, eta esatarien komentario egokituak entzungo dituzte. Honetarako teknikak ezagutzen omen ditu CAFEk eta horretan trebatu beharko dute esatariek lehenbizi: ez da irratiko lokuzioa bezala, harmailetan bertan dagoenari ingurukoaren berri eman behar zaio, adibidez ereserkien kantuan ari direnak nortzuk diren).
Eurokopan, estadio guztietan, ingelesezko audio aukera bat egongo da beti, eta "in the local language" ere eskainiko omen dira komentarioak. Singularrez dioen tokian, ulertzen dugu San Mamesen gaztelania eta euskaraz izango direla. Final-aurrekoetan eta finalean, parte hartzen duten herrialdeen estatu-hizkuntzetan ere egongo da aukera (baina partida horiek ez dira jada Bilbon izango, Londresen baizik),
Izena emateko, urriaren 18a arte dago denbora. E-postaz idatzi behar duzu zure berri emanez, dokumentu honetan zehazten den e-posta helbide batera (izenburuan BILBAO idatzi behar duzu), eta 30 segunduko audio klip bat prestatu eta itsatsi behar duzu, "zure helburu faboritoak" deskribatuz. Onartzen bazaituzte, prestakuntza saio bat izango da bi egunetakoa, San Mamesen, azaroaren 3 eta 4an.
Nola aurkeztu? irakurri arretaz dokumentu hau. Informazio gehiago, beste dokumentu honetan.
Erantzun
Sartu