Teknologia albisteak

Euskaraz behar duzun aditz bakarra 'zatzaizkit' baldin bada...

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-01 : 15:26

Beñat Iraola diseinatzailearen arropak (eta beste era bateko inprimatuak ere) dira Zatzaizkit.com webgunean salgai daudenak. Bere diseinu/adierazpenetako batek dioen bezala, nor-nori adizki laguntzailea, orainaldian. "Zu niri gustatzen zatzaizkit", esaldi beharbada ez-ohiko baina arruntean agertzen dena.

Mondragon Unibertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroan ikasia da Beñat Iraola, eta Erasmus bat egin zuen ondoren Torinon, diseinuarekin lotua. Webgunean kontatzen duenez, izen-marka kontzeptuari buelta dexente eman izan dizkio, hasiera batean bere izenarekin jokatuz eta aldaerak bilatuz (PREÑAT, BEÑAK, VENAL...). Azkenean ZATZAIZKIT gailendu da nolabait:

"Kontzeptu ‘abstrakto’ bat ulertzeko munduko persona bezain beste modu direla ulertu nuen urte horietan guztietan zehar, eta gainera, kontzeptu bat gure egiteak duen xarma, ere. Kontzeptua gure egiten dugu eta nolabaiteko erlazioa sortzen da kontzeptuarekin," dio Beñat Iraolak.

Kamiseta, jertse, txano eta laminak dira oraingoz Zatzaizkit dendan dituzunak.

Beste aditz batzuk nahiago badituzu... aurkitu dugu datsegit erako trinko faltsu bazuk OAK Tixertak dendan: Daflipat eta Dizerdit (gutxienez).

OAK Tixertak Aritz Ibañez Lusarretaren "kamiseta marka" da. Bestearen aldean, estanpatuak egiten dituen zerbitzu batean (La Tostadora) du denda, ez da diseinu eta oihalgintzako enpresa bat, Zatzaizkit bezala.

Diseinuak La Tostadoraren bidez saltzen dituen beste diseinatzaile euskaldun bat Joseba Beramendi Exprai da. Hona bere denda. Ez dirudi oraingoz adizkirik jokatzerik erabaki duenik, nahiz eta Apple-gorrotatzaileentzako egindako honek nor-nori-nork aditzen bat ere badakarkigun gogora.

Erantzun

Sartu