Teknologia albisteak

Letter Wiki, binakako blog plataforma bat, eztabaidarako pentsatua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-29 : 10:25

Letter Wiki Estatu Batuetan sortutako blogak sortzeko edo edukiak idazteko plataforma bat da, itxura garbikoa (hala nola Medium), baina enfoke berezi batekin: binakako eztabaida zentzuzkoak sustatu nahi dituzte, genero epistolarraren berpizte bat edo, Interneteko harien arora ekarria. Ez da sekulako arrakasta lortu duen plataforma bat oraingoz, baina ideia bezala bitxia iruditu zaigu.

Letter Wikiren erabilpena lehiaketa batekin sustatu dute aurtengo irail honetan: Impossible Conversations izeneko sariketa, Ezinezko elkarrizketak. Areo agerkari digitalaren babesarekin, Letter Wiki oinarrizko tresna gisa erabiltzea da koska.

Ezinezko elkarrizketen sustatzaileek zera eskatzen dute, gai inportante bat hartzea, eta horren inguruan bi iritzi kontrajarri dituzten bi pertsonek elkarrizketa zibilizatu bat izatea. Irekia dago edonori, non eta, logikoki, bere burua aurkezten duen gaia proposatzen duenak. Gaia proposatzen duenak hasten du haria, erronkari jarraitzeko libre da beste norbaitek jarraitzea haria.

Elkarrizketa onenak 1.000 dolar jasoko ditu saritan (ez dago eztabaidatzaileen artean irabazlerik: bien artean banatuko da dirua), eta 200 dolarreko akzesitak egongo dira. Erabiltzaileak eztabaida bat baino gehiago izatera animatzen dituztenez, eztabadaitzaile onenak 500 dolarreko saria ere jaso lezake, eta akzesitak egongo dira baita 100 dolarrekoak.

Eztabaidak lasaiak izan daitezke. David Sloan Wilson eboluzioan aditua eta Massimo Pigliucci filosofoa maiatzetik ari dira mezuak trukatzen: zortzi, orain arte, giza eboluzio kulturalaren inguruan.

Egia esan, ez dirudi lehiaketa eta tresna berebiziko arreta erakartzen ari denik, baina saio tekniko-filosofiko interesgarri gisa aipatu nahi izan dugu Sustatun.

Erantzun

Sartu