Teknologia albisteak

Musika kontsumoan pirateria behera, eta telefonoa gora

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-30 : 09:18

Musika industriaren alde eta pirateriaren kontra diharduen IFPI erakundeak urteko txostena kaleratu du, 21 herrialdetan egindako musika kontsumoaren azterketa batekin. Datu interesgarri bat, pirateria jaitsi egin da asko, eta gainera apenas da jadanik deskarga erakoa, baizik eta streaming zerbitzuetatik zurrupatzeko teknologietan oinarritua.

Goiko irudian nabarmendutako zenbakietan ikusten da pirateriaren jaitsiera. Iazko datua %38 zen, aurten %27. Hori da musika zaletu eta entzuleen artean zenbatek lortu duten "legez kanpoko" musika aurten.

Pirateriaren erari buruzkoa da beheko datua, piratetean gehienek, %23ek, streaming zerbitzuen rip-eatze edo zurrupatzeko teknologiak erabiltzen dituzte musikaz jabetzeko (iaz baino gutxiago da, dena dela, orduan %34ak aitortu baitzuen halakorik). Honek esan gau musikari dagokionez, file-sharing delako aroa amaitu zela. Aro hori Napsterrekin hasi zen 21. mendearen hasieran, Audiogalaxy, Kazaa eta antzekoekin jarraitu zuen, duela 10 bat urte arte, eta BitTorrent teknologiarekin egonkortu zen. Baina dagoeneko, badirudi musika deskargak gutxienekoa direla P2P teknologietan oinarritutako sistema hauetan.

Beste grafiko interesgarri bat txostenetik:

Non entzuten dugu musika? Irratia da gailu nagusia, sistema doako eta legala, eta zaharra ere bai. Horren ondoan, beste "metodo tradizionala" izango liteke Hi-Fi sistemak edo disko-jogailuak, CDen eta biniloen mundua (non, duela gutxi argitaratu genuen bezala, beste iraultza bat gertatzen ari den).

Gainerako gailuak Interneteko kontsumoari lotuta daude modu batean eta bestean, eta telefonoa da inportanteena (%27), eta ordenagailua gero (%19). Interneteko kontsumo honetan deskargak egon daitezke, jaitsita edo erosita ditugun mp3 edo beste formatu batzuetan dauden diskoak (flac formatua iTunes dendakoa, adibidez), edo streaming entzuketa ere bai (non, itxura batean bideo bidezko kontsumoa ere kontuan hartzen dute, hau da, Youtube erabiltzea musika entzuteko tresna gisa).

Ikusi PDF grafiko eta aberats honetan estatistika hauen berri. Hona txostenaren iragarpen ofiziala.

 

Erantzun

Sartu