Teknologia albisteak

EAEko euskarazko hedabide digitalentzako laguntza deialdia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-27 : 08:32

Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideentzako dirulaguntza deialdia kaleratu du, laguntza sistema berri bati bide emanez. Hiru urterako laguntzak ziurtatuko dira deialdi honetan, eta eragileen eta EAEko administrazioen arteko akordioaren ondorio dira. Deialdiaren barruan Sustatu bezalako hedabide digitalentzako baldintza berriak zehazten dira, eta horiek azalduko ditugu gainetik hemen. Laguntzetara aurkezteko epea urriaren 23a bitartekoa da.

Sistema berrian (zeinaz Berriak informatzen zuen duela egun gutxi) tokiko hedabideak hiru foru aldundiek lagunduko dituzte (idatzizkoak eta haien Interneteko bertsioak kontuan harturik), Berria egunkariak aparteko hitzarmen bat izango du, eta Jaurlaritzak beste kategoria hauetarako deialdia ireki du orain:

  • Nazio mailako argitalpenak
  • Tokiko irratiak
  • Tokiko telebistak
  • Hedabide digital hutsak: euskara hutsezko hedabide digitalak, on-line bidez baino zabaltzen ez direnak.

Hedabide digitalak ere azpimultzo desberdinetan sailkatzen dira:

  • Irrati digitalak
  • Telebista digitalak
  • Aldizkari digitalak (epe jakin batean kolpe batean berrizten den edukiz osatuak, uste dugu, hala nola Ttap aplikazioa)
  • Hedabide digital ohikoak (eguneratze gutxi gora-behera jarraitua dutenak, uste dugunez)

Azken kategoria horretan Sustaturen jarduna aurkeztuko dugu, baldintzak betez hiru urterako babesa lortuko dugulako itxaropenez.

Honako lotura honetan aurkituko dituzu eskabidea egiteko argibideak eta bete beharreko eranskinak. Eskabideak aurkezteko epea urriaren 23an bukatuko da.

Hedabide digitalek honako datuak eskaini beharko ditugu, egokitzat jotzen dugun beste informazio osagarriez gain:

  • Google Analytics neurgailurako sarbidea.
  • Domeinuaren erresgistro ziurtagiria (hedabidea editatzen duen eskatzailearen izenean egon behar du).
  • Aurtengo urtarrilaren 1etik eskabidea egiten den egunera arte argitaratutako albisteen zerrenda.

Beste baldintza hauek ere bete beharko ditugu, gure kategoria bereko proiektuek:

  • Kazetaritza idazkerako informazio edukiek gaurkotasunarekin lotuta egon beharko dute, eta argitalpen data eduki.
  • Edukiek funtsean idatzizkoak eta/edo ikus-entzunezkoak eta norberak eginak izan beharko dute. Artikuluak sinatzearen bitartez egiaztatu beharko da hori.
  • Orri nagusiak nahiz bitarteko digital osoak kazetaritza idazkerako edukia izan beharko du gehienbat.
  • Edukiak eguneratu beharko dira (astean behin gutxienik)
  • Jabetza intelektualari buruzko araudia betetzea.
  • Hizkera ez sexista erabiltzea eta pertsonek kazetaritza eta giza subjektu gisa duten duintasuna errespetatzeko moduan tratatzea edukiak.
  • Batez besteko eduki berrien kopurua: astean, gutxienik, 1.500 karaktereko 5 berri eta ikus-entzunezko bat, edo bi eduki moten arteko konbinazioa.

Laburpen bat da testu hau, eta xeheturiko baldintzak ez dira guztiak baizik, eta gainera, Sustatu bezalako medioei dagozkienak dira. Baldintzak ondo begiratu hemen eta hemen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago